Euskararen Nazioarteko Egunak hainbat ekitaldi ekarriko ditu abenduan

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 27a

Euskara Batzordeak hitzaldiak, tailerrak, kantaldia, antzerkia… antolatu ditu

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dela gogoan hartuz, iaz hasitako bide beretik, aurten ere Baz­tango Udaleko Euskara Batzordeak ekitaldi andana antolatu du abendu osoan: hitzaldiak, tailerrak, kantaldia, antzerkia... guztiak ere euskarari lotutakoak.

XALDUN KORTIN TAILERRA
Solasaldi zikloaz gain Xaldun kortin haurrekin euskaraz jolasteko tailerra ere izanen da bi egunez, eta Baztanen azken urteotan abian paratu den hilabeteroko antzerki eta kantaldia ere ez dira faltako.

Baztango  Udaleko Euskara Batzordeak baztandar guztiak ekitaldi hauetan parte har­tzerat gonbidatu ditu, eta bidenabar oroitarazi, «abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko eguna izanagatik, urteko gainerako egun guztietan ere euskara dela gure hizkuntza».
Ekitaldiak abenduaren 2an hasiko dira  Paula Kasaresek idatzitako Irurita, euskarari iraunarazi dion herria liburuaren aurkezpenarekin. Liburua Baztango Udalak argitaratu du, eta abenduaren 2an Iruritako eskolan arratsaldeko 7etan izanen den aurkezpenean erosteko aukera izanen dute bertaratzen direnek.

Paula Kasaresen solasaldi eta liburuaren aurkezpenaz gain Dabid Anautek ere Euskararen kate hautsiak: hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburuan bildutakoaren berri emanen du abenduaren 11n Erratzuko lixutegian, eta 18an Asisko Urmenetak Peio Etxekoparrekin batera umorezko saioa eskainiko digu Arizkunenean.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun