Urte hasieratik gaiztotua dagoen Ukraina ekialdeko giroa hurbiletik ezagutzeko aukera izan du Jon Apezetxek. Banda Bassoti talde italiarrak antolatutako brigada antifaxistarekin bat eginez, irail bukaeran Errusia eta Ukraina arteko mugan dagoen Donets herrian izan zen eta ordezkari politikoekin eta milizietan ari diren boluntarioekin solasteko aukera izan zuen. Etxera itzulita, hedabide haundien aldetik blokeo informatiboa salatu du eta hori hautsi eta informazioa zabaltzeko konpromisoa hartu du. Benetako egoera zein den azaldu nahi du.
G. PIKABEA
Zein da Ukrainako egoera?
Janucobich presidente zela, Ukraina Europar Batasunarekin akordio akonomiko bat sinatzekotan egon zen. Gerora, ordea, Ukrainarentzat onura baino galera gehiago ekarriko zituela eta, gibelera bota zuen. Orduan hasi ziren Kieveko protestak. Protesta hauetan gisa guztietako jendea zegoen, baina Ukrainako ultraeskuindarrek hartu zuten lidergoa eta estatu kolpe batean akitu zen. Orduan hasi zuten Ukraina ekialdearen kontrako erasoa.
Ukraina ekialdeko herritarrek armak hartu dituzte. Zein da helburua?
Ukraina historikoki bitan banatua egon da. Mendebaldeak beti guttietxi ditu ekialdekoak, eta duela hamar bat urtetik errusofobia elikatzen joan dira komunikabideak aprobetxatuz. Ekialdeko jendeak betitik izan du harremana Errusiarekin, mugan bizi baitira eta aunitz dira Errusian familia duten ukrainarrak. Gainera, Luhansk eta Donetsk eskualdeetan errusieraz mintzatzen dira. Ukrainar armadak erasoa hasi zuenean, herri miliziak lurraldea eta herritarrak defendatzeko sortu ziren. Honekin batera, eta Ukraina faxista batean egon nahi ez zutenez, herri galdeketa deitu zuten gerra betean, eta herritarren %70ak hartu zuen parte. Horietatik %90ak egin zuen independentziaren alde. Gaur egun, duela hilabete zenbait aldarrikatutako Luhansk eta Donetsk-eko herri errepublikek bat egin dute Novorrosia herrialdea aldarrikatuz.
Zer kontatu dizuete hango ordezkariek?
Ez genuen Novorrosiara sartzeko aukerarik izan, baina Luhanskeko ordezkari politikoen eta milizietan ari diren boluntarioen bisita izan genuen. Ordezkari politiko batek Minskeko su-eten akordioaren ibilbide motzaz ohartarazi gintuen. Bere erranetan, Kieveko Gobernuak ez du akordiorik nahi Donbassekoekin eta bere helburu bakarra ekialdeko herritarrak garbitzea da.
Ikusitakotik zer nabarmenduko zenuke?
Hemen errusiazaleak bezala saltzen dituzten horiekin bildu ginen. Argi utzi ziguten ez direla errusiazaleak. Miliziak Novorrosiako biztanlez osatuta daude. Lehen meatzariak zirenek ez dute armak hartu bertze aukerarik izan. Errusiazaleak badaudela? Bai, egia da. Baina gaur egun duten egoeran normala da Errusiarekin aliatu nahi izatea, Ukrainatik heriotza eta sufrimendua bertzerik ailegatzen ez zaienean.
Zein da egun egoera?
Minskeko akordioen ondotik, borroka pixka bat lasaitu denez, gerraren ondorioz etxea uztera behartuak izan ziren herritarrak etxera itzultzen hasi dira, bonbardaketak gelditu ez diren arren. Abuztutik honat miliziek aurrerapen haundiak egin dituzte eta lehen hiri barnean zegoen frentea, gaur egun, hamabortz bat kilometrora dago. Halere, tiro hotsak eta bonbardaketak egunerokoak dira.
Nola daude herritarrak?
Herritarren egoera benetan negargarria da. Bonbardaketen beldur lur azpiko sotoetan bizi dira. Argindarra eta ur korronterik gabe bizirik iraun behar dute eta janaria lortzea ere zaila da. Negua gainean dagoenean, gorriak ikusiko dituzte.
Zer dio nazioarteak?
Gerra honetan bertze interesa Europa eta AEBek ekialdea kontrolatzeko duten ikaragarrizko gogoa da. Ukrainan beraien gobernu titire bat egoteak aunitz lagunduko lieke Errusia inguratzen, gerora presioa egin ahal izateko. Errusia, nola ez, ez dago prest etxeko atarian amerikarren base bat izateko eta nahiago du Novorrosia lurralde libre bat izatea.
Zein asmo dituzue?
Gure betebeharra informazioa herriari helaraztea da, blokeo honekin pixka bat bederen hausteko: hitzaldi bidez, iritzi artikulu edo euskalherriadonbass blogaren bidez. Arropa eta medikamentu bilketa bat ere egitekotan gara, han sortzen diren beharrak asetzeko.
BLOKEO INFORMATIBOA
«Hedabide haundiak estatuek informazioa zabaltzeko erabiltzen dituzten tresnak dira, jendartearen iritzian eragiteko. Gatazkaren errua Errusiak balu bezala dabiltza komunikabide guztiak. Ez da bat bera ere saiatzen informazioa bertze leku batetik biltzen».
ELKARTASUNA BAZTANEN
«Abenduaren 12an eta 13an Elkartasun Egunak antolatuko ditugu Baztanen: ortziralean dokumentala Erratzun eta larunbatean hitzaldia, kontzentrazioa eta bazkaria Elizondon».