Azaroaren 25a emakumeenganako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna dela eta Baztango Udalak deituta, elkarretaratzea egin dute astearte eguerdian Elizondoko Udal Plazan. Bertan, adierazpen instituzionala ere irakurri dute.
Baztango Udalaren idatziak bere errefusa adierazten du «ageriko eta ezkutuko sexu indarkeriari, adierazpen bakoitzari eta denei (hiltzen duena, ubeldurak uzten dituena eta uzten ez duena ere bai)», baita bere konpromisoa erakunde publiko bezala, «gizon-emakumeen arteko desberdintasunei eta desorekei modu eraginkorrean aurre egiten jarraitzeko, indarkeria-haztegia baitira».
Baztango Udalak elkartasuna adierazten du «erasoa pairatu duten emakumeekiko, eraildako emakumeekiko, muturreko sexu indarkeriaren biktimak baitira» eta beraiei eta beren familiei babes osoa helarazteaz gain, herritar guztiak gonbidatzen ditu, «bere gaitzespena eta konpromisoa adieraztera, banako zein talde mailan, emakumeekiko indarkeria errotik kentzeko, oro har patriarkatua eta emakumeen errealitatean dauden indarkeria guztiak ere salatzera».