«Nafarroako historia hurbilean (azken lau hamarkadetan, 1970etik 2012ra) euskararen belaunez belauneko jarraipena nola gauzatu den eta egungo haur nafarrak zer egoeratan bilakatzen diren euskaldun argitzea». Horixe du xede Paula Kasaresen Euskaldun hazi Nafarroan. Euskararen belaunez belauneko jarraipena eta hizkuntza sozializazioa familia euskaldunetan liburuak. Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren barruan argitaratu dute, Soziolinguistika Klusterraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Baztango Udaleko euskara teknikari, NUPeko irakasle eta euskaltzain urgazlea den Kasaresek 2013an Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu zuen doktore tesia biltzen du liburuak. Joan den ortzegunean, azaroak 20, aurkeztu zuen liburua Iruñean, eta ondoan izan zituen Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta Patxi Salaberri NUPeko irakasle-katedradun eta euskaltzain osoa eta tesiaren zuzendaria. Salaberriren hitzetan, «oinarri zientifiko zindoan finkatutako lan ederra egin du Paulak, metodologia egoki batekin burutua, euskararen sozializazioaren ingurukoak hobeki ezagutzeko aukera ematen diguna, eta hau baitezpadakoa da gure hizkuntza aurrera atera dadin nahi badugu».
Andres Iñigoren arabera, «lan honek bete-betean harrapatzen ditu Euskaltzaindiaren Jagon Sailak bere-bereak dituen helburu nagusiak, alegia, euskararen jagotea, sustatzea, hedatzea eta bizirik irauteko beharrezko duen transmisioa bermatzea». Aurkezpenean gaineratu zuenez, «Akademiaren Jagon Sailak interes handiarekin jarraitu du lan honen prozesua».
Lanak bi kasu aztertzen ditu: bata Irurita eta bertzea Iruñea; eta bi belaunaldi hartu ditu, 1970eko hamarraldian haziak eta haien seme-alabak, 2000tik aitzina sortuak. Egileak erran duenez, «argitalpenak, Nafarrako bi gizataldetan euskararen belaunez belauneko jarraipena kaskaildurik edo ia etenik egonda mintzairaren segida berrestekatzeko eta umeak euskaldun hazteko familien bizipenak izan ditu oinarri». Hortik ondorioztatu du Nafarroako euskararen belaunez belauneko jarraipenak hiztunen hizkuntza sozializazio prozesua izan duela euskarri.
Bertze hainbat ondorio ere atera ditu Kasaresek lanean: Nafarroako euskararen historia hurbila ez dela lineala edo etengabea; Nafarroako euskararen historia hurbilean hizkuntzaren jarraipena hiztunen atxikimenduek eta hautu-erabakiek ahalbidetu dutela; Nafarroan euskaldun izatea hautua dela eta euskarak iraun dezan belaunaldi bakoitzak mintzaira bertakotu behar duela eta horretarako gizarte-aukera egokiak baitezpadako dituela.