Baztango kontuei buruz solasteko gaikako bilera irekiak antolatu ditu Baztango EH BIlduk eta horietan lehendabizikoa ortziral honetan, azaroak 21, eginen dute. Baliabideen kudeaketa eta oinarrizko azpiegiturei buruzko bilera irekia izanen da eta ura, energia, hondakinen gestioa eta mugikortasunari buruz mintzatuko dira.
Baztango EH Bildutik adierazi dutenez, «bizi dugun krisia, bertzeren artean, krisi ekologikoa ere bada. Hala, ura bezalako baliabide preziatu baten kudeaketa herritarra eta iraunkorra bermatzeko udal mailan egin daitekeenaz gogoeta egin nahi genuke». Gisa berean, energia aurrezpena, energia eraginkortasuna eta energia-iturri berriztagarrien inguruan Baztanen zer egin daitekeen ere pentsatu nahi dute.
Hondakinen aferan, koalizioak garbi du «sortzen ditugun hondakinen ardura gure gain hartu behar dugula, hondakin guttiago sortuz, gehiago birziklatuz eta berrerabiliz». Horretarako konpromiso kolektiboak eta indibidualak behar direla dio EH Bilduk. Mugikortasun hizpide hartuta, «auto pribatuetan eta errepide gero eta gehiago egitean oinarritutako mugikortasun ereduaren agorpenerat ailegatu garela» dio koalizioak, eta gaineratu du «ikaragarrizko zor publikoa dakartela, herriak desegiten dituztela eta ez dituztela jende guztien beharrak betetzen». Horri buruz ere gogoeta eginen dute ortziraleko bileran.
Bilkura honen ondotik, ondoko asteetan berriz bilduko dira. Azaroaren 28an, erraterako, eskubide sozialetaz ariko dira: zerbitzu sozialak, osasungintza, berdintasuna... Ondoko asteetan, euskara, kultura eta hezkuntza, parte-hartzea eta instituzionalizazioa, tokiko garapena eta lurralde antolaketa bezalako gaiak landuko dituzte. Bilera ireki horien bidez, azken agintaldiaren balorazioa egin nahi dute eta bide batez, ondoko hauteskundeetarako programaren zirriborra herritarren partaidetzarekin egiten hasi. «Bilkurarat Baztan demokratiko, herritar eta sozialki justu batekin konprometiturik dauden guztiak gonbidaturik daude», gaineratu dute koaliziotik.