Baztan Extrem lehen salto jaialdia bikaina izan zen

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 13a

Elementu ezberdinen gainean edo mozorrotuta egin zituzten saltoak. Utzitako argazkia.

Salto bereziak egin zituzten

Baztan Extrem salto jaialdiaren lehenengo edizioa ospatu zen azaroaren 2an Elizondon, BKZ Nafarroa Abenturaren eskutik. Jaialdi honen helburuetako bat Baztan Abentura Park parke berria ezagutzera ematea izan da. Kontutan izan behar da, parke berri honen bidez,  Baztan Bidasoaldean turismo aktiboa suspertu nahi dela nazioartean eta Europa mailan erreferentzi nagusienetariko bat izan dadin.
 
Salto jaialdi honetan 100 metroko pendulo erraldoitik salto bereziak egin ziren. Baldintza bakarra saltoak elementu ezberdinen gainean edota mozorrotuta egitea zen. Saltoak egiteko plazak berehala bete ziren: katu beltz talde batek egin zuen salto, gero behi hegalariak, pailazoak, eskimalak, eskiatzaileak, txi­rrindulariak…
 
Aulki gurpilduna erabiltzen duten lau gaztek egindako saltoak aipamen berezia merezi du. Hasiera batean beldur pixket ematen zien baina azkenean lauak animatu ziren. Salto zirraragarri eta hunkigarria izan zen eta denbora luzez txalotuak izan ziren. Aipatu beharra dago parke honetako bi ekin­tza nagusienak tirolinen zirkuito erraldoia eta penduloaren  jauzia egokituta daudela, mota honetako ekintza gutxi aurkitu daitezke egokituta, beraz talde hauengan eragin handia izan dezakela uste dute.
 
Beste salto ikusga­rria parapentean egindakoa izan zen, larrialdietarako jausgailuaz egindakoa ahaztu gabe. Bukatzeko jendearen erantzuna arras ona izan zela azpimarratzen ahal da, bai partehar­tzaileen aldetik baita ikustera joan zirenen aldetik ere, beraz aurre­rantzean ere jaialdi hau antolatzeko asmoa dute Baztanen.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun