Lau bildots umatu ditu Lekarozko Arrontxeko hiru urteko ardi honek, hiru beltzak eta bat txuria. 500 ardi eta haragitako hamar behi zaintzen dituzte Bautista Elizondok eta Mari Jose Etxeberriak eta kontent daude. Bixkiak eta hirukiak lehenago ere izan badituzte ere, inseminazio artifizialaren bidez ernaldutako ardiaren lau bildotsak bizirik jaio diren lehen aldia da Arrontxen (astebete lehenago, lau bildotsetatik bi hilik erditu zituen bertze ardi batek). Lehenbiziko egunetan, doi-doi moldatu dira bildotsak amaren tititik, baina handitzen diren neurrian, bertze ardiren batek eman beharko diela esnea uste du Mari Jose Etxeberriak. Oraindik ez dute Arrontxeko ardi guztiek umatu, baina nagusiek ez dute uste lau bildotseko umaldi gehiagorik izanen dutenik: «Hori berriz gertatzea miraria izanen da!» diote.