Uholdeen kalteak ordaintzeko kontu-saila esleitzeko eskea

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 13a

Ahobatez hartu du erabakia udalak, gaur-gaurkoz ez baitu euro bakar bat ere jaso Iruñea eta Madriletik

Balleko Etxeak ahobatez erabaki du Nafa­rroako Gobernuari eskatzea behar adinako kontu-sail bat esleitu dezala, azpiegitura publikoetan izan diren kalteen gastu guztiak ordaindu ahal izateko (2.292.821,40 euro). U­rriaren 30ean egindako ohiko bilkuran hartu zuten erabakia.
 
Horretaz gain, Udalak Nafarroako Gobernuari eskatuko dio 2014ko uztaileko uholdeen eraginez egin beharreko emergentziazko lanen %70eko dirulaguntzen konpromisoa udal honi idatziz jakinaraztea, baita behar diren gestioak egin ditzala, Estatuak bere eskumenak bete ditzan hondamendi egoerako fi­nan­tzaketari dagokionez, eta era berean, behar diren kontu-sailak esleitu ditzala ibaiaren ibilguan konponketa eta mantentze lanak egiteko. Udalaren ustez, ez baita aski izan konponketari esleitu zaion kontu-saila, eta ez dago mantentze lanak egiteko kontu-sailik.
 
0 EURO
Baztanen 2014ko uztailaren 4an gertatu ziren uholdeen ondotik, Udalak guztira 7.624.774,30 eurotan baloratu ditu kalteak. Dirutza horretatik, 3.285.616,20 euro Udalaren ardurapeko azpiegituretan eta eraikin publikoetan eragindako kalteei dagozkie. Kalte horien konponketa finantzatze aldera, Udalak finantza-laguntza eskatu dio bai Nafarroako Gobernuari bai Estatuko Gobernuari eta, aldi berean, bere aseguru­ari eman dio parte, udal eraikinei dagokienez. 
 
Hondamendia gertatu denetik lau hilabete baino gehiago pasatu eta gero, bakar-bakarrik baieztatu diote Udalari aseguru-partzuergoak 436.010,90 euro ordainduko dituela, kalteen balorazioa  842.260,55 euro izanik.
 
Udalak 307/2005 E­rrege Dekretuan aurreikusitako laguntzak eskatu zizkion Barne Ministerioari, eta ezezkoa eman diote. Eta  Nafa­rroako Gobernuari dagokionez, ahozko konpromiso bat bertzerik ez daukate emergentziako obren % 70 finantza­tzeko; obra horiek 1.586.135,90 eurotan daude baloratuta. Gaur egun, Udalak 0 euro jaso du Foru eta Estatuko Administrazioetatik, azpiegitura publikoetan izaniko kalteen konponketa finantzatzeko.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun