Lau saio izanen ditu Mariano Izeta bertso sariketak

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 13a

Azaroaren 14an hiru kanporaketa eginen dira eta 21ean finala jokatuko da, Elizondon

Seigarren ediziora ailegatu da bi urtetik behin egiten den Mariano Izeta sariketa. Aurten indartuta dator bertso sariketa, inoizko parte-hartzaile kopururik handiena izanen baitu, hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte. Horren ondorioz, lau saio izango ditu aurtengo edizioak, hiru kanporaketa eta, ohi denez, Elizondon jokatuko den finala.
 
Hiru kanporaketak, azaroaren 14an jokatuko dira, Arbizu, Iruñea eta Arribe-Atallun. Arribe eta Iruñeko saioak 20:00etan jokatuko dira eta Arbizukoa, berriz, 21:30ean. Kanporaketak merendu batekin lagunduta egongo dira eta sarrera librea da.
 
Arribeko Satorzulo lokalean honako sei bertsolarik kantatuko dute: Maddalen Lopez (Lesaka), Jokin Pinatxo (Bera), Iker Gorosterrazu (Ituren), Aitor Irastor­tza (Azpirotz), Alazne Untxalo (Ituren) eta Mikel Lasarte (Barañain).
 
Iruñeko Alegria Peñan hauek izango dira bertsolariak: Sarai Ro­bles (Barañain), Patxi Castillo (Bera), Oier Amiano (Elizondo), Ainara Ieregi (Barañain), Saioa Alkaiza (Antsoain) eta Manex Mailharin (Berriozar).
 
Azkenik, Arbizuko Argibide elkartean sei bertsolari hauek ariko dira: Ioar Tainta (Lesaka), Joanes Ilarregi (Lei­tza), Unai Artieda (Etxa­rri-Aranatz), Amaia Elizagoien (Oronoz), Ko­tte Plaza (Irurita) eta Saats Karasatorre (Etxa­rri-Aranatz).
 
Azaroaren 21ean jokatuko da Elizondoko finala, kanporaketetatik sailkatuko diren sei ber­tsolariekin. Fernando Anbustegik aurkeztuko du saioa. Finala mahai bueltan eginen da, afal ondotik. 21:00etan izanen da afaria eta gero saioa. Prezioa 15 eurokoa da eta sarrerak ai­tzinetik erosten ahal dira Elizondoko Fantxi­ken eta Intza ostatuan edo Nafarroako Bertsozale Elkartean (nafarroa@ bertsozale.eus edo 948143747 telefonoan).
 
SEIGARREN EDIZIOA
Izeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz; aurten seigarren edizioa jokatuko da. Bost edizio hauetan, Nafarroako bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe, Iruritako Iñaki Aleman eta Aurizko Aimar Karrika izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi dutenak.
 
Nafarroako Bertsozale Elkartea da Izeta sariketaren antolatzailea, Baztango udalaren laguntzaz. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa ere du ekimenak. Orain dela bost urte sortu zen Baztango Bertso Eskolak ere laguntza eman du antolaketa lanetan.
 
Sariketa honek Mariano Izeta zenaren izena hartzen du. Horrela, herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertu nahi ditu Nafa­rroako Bertsozale Elkarteak.
 
Mariano Izeta 1915. urtean jaio zen, Elizondon, eta herri berean hil zen 2001. urtean. Lanbidez erloju-konpon­tzailea zen, baina hortaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, Nafar Izkuntzako kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.
Bere zaletasunik handienetakoa bertsolaritza izan zen. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun