Baztanen uztailaren 4an izan ziren uholdeak direla eta, emergentziazko lanen ziurtagiria falta zela argitaratu da prentsan. Honen harirat, Baztango Udal Gobernuak adierazi du orain dela hilabete inguru, emergentzizko lan gehiexkoenak akituak zirela, baina «momentu horretan Tokiko Administrazioko Departamentuko ordezkariek Udal honi jakinarazi zioten Nafarroako Gobernuak ez zuela diru nahikorik akitutako lanen %70a ordaintzeko, nahiz ahoz hori eginen zutela erran». Egoera honen aitzinean Tokiko Administrazio Departamentuak eskatuta egiaztapena epeka egin beharko litzatekeela jakinarazi zitzaion Udalari, betiere Nafarroako Gobernuaren aurrekontu ahalmenen arabera.
Egungo legedia betetzeko, Baztango Udalak beharrezkoa ikusi zuen ahal bezain laster lanak egiaztatzea, «izan ere Baztango udalak ordaindu beharko lukeen gainerako %30a bai baitu. Udal honek ez baditu lanak egiaztatu, Tokiko Administrazio Departamentutik hala eskatu zitzaigulakoz izan da». Bertze behin ere Nafarroako Gobernuak emandako hitza jan duela dio Baztango udaleko gobernu taldeak. «Ikusita hartutako konpromisoak ez zaizkigula idatziz bidali, eskatuta egon arren, Baztango Udalak gauzatutako lanen egiaztatzea egitea agindu du. Egiaztatze hau istante aurkeztuko da. Modu honetan Nafarroako Gobernuak ez du aukerarik izanen baztandarrekiko dituen ardurak ekiditeko».