Joan den igandean, Azaroak 2an, Baztan Extrem salto jaialdiaren lehenengo edizioa ospatu zen Elizondon BKZ Nafarroa Abenturaren eskutik. Jaialdi honen helburuetako bat “Baztan Abentura Park" parke berria ezagutzera ematea izan da, kontutan izan behar da, parke berri honen bidez, Baztan Bidasoaldean turismo aktiboa suspertu nahi dela (bertako orografia eta aberastasun naturalak auniz laguntzen dute) nazioartean eta Europa mailan erreferentzi nagusienetariko bat izan dadin.
Salto jaialdi honetan 100 metroko pendulo erraldoitik salto bereziak egin ziren, baldintza bakarra saltoak elementu ezberdinen gainean edota mozorrotuta egitea. Saltoak egiteko plazak berehala bete ziren, beraz partehartzaile asko saltoak ikustearekin bakarrik konformatu behar izan zen. 10etan katu beltz talde batek egin zuen salto, gero behi hegalaria, pailazoak, eskimalak, eskiatzaileak, txirrindulariak…
Aulki gurpilduna erabiltzen duten lau gaztek egindako saltoen aipamen berezia egin behar da. Hasiera batean beldur pixket ematen zien baina azkenean laurak animatu ziren eta “Denak edo inor” oihukatuz egin zuten saltoa. Salto zirraragarri eta hunkigarria izan zen eta denbora luzez txalotuak izan ziren. Aipatu beharra dago parke honetako bi ekintza nagusienak tirolinen zirkuito erraldoia eta penduloaren jauzia egokituta daudela, mota honetako ekintza gutti aurkitu daitezke egokituta, beraz talde hauengan eragin handia izan dezakela uste dute.
Bertze salto ikusgarria parapentean egindakoa izan zen, larrialdietarako jausgailuaz egindakoa ahaztu gabe. Bukatzeko jendearen erantzuna arras ona izan zela azpimarratzen ahal da, bai partehartzaileen aldetik baita ikustera joan zirenen aldetik ere, beraz aurrerantzean ere jaialdi hau antolatzeko asmoa dute.
Jaialdiko saltoak BKZ-ko web orrian eta Facebook ean ikusteko aukera dago.