Azpiegitura publikoetan uholdeek eragindako kalteak ordaintzeko kontu-saila esleitu dezala eskatu dio Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 4a

Baztango Udalak 0 euro jaso du Foru eta Estatuko Administrazioetatik,azpiegitura publikoetan izandako kalteen konponketa finantzatzeko. Artxiboko argazkia

Ahobatez hartu du erabakia udalak, gaur-gaurkoz ez baitute euro bakar bat ere jaso Iruñea eta Madriletik

Baztan Balleko Etxeak ahobatez erabaki du Nafarroako Gobernuari eskatzea behar adinako kontu-sail bat esleitu dezala, azpiegitura publikoetan izan diren kalteen gastu guztiak ordaindu ahal izateko (2.292.821,40 euro). Urriaren 30ean egindako ohiko bilkuran hartu zuten erabakia.

Baztan Balleko Etxeak ahobatez erabaki du Nafarroako Gobernuari eskatzea behar adinako kontu-sail bat esleitu dezala, azpiegitura publikoetan izan diren kalteen gastu guztiak ordaindu ahal izateko (2.292.821,40 euro). Urriaren 30ean egindako ohiko bilkuran hartu zuten erabakia.

Horretaz gain, Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari eskatuko dio 2014ko uztaileko uholdeen eraginez egin beharreko emergentziazko lanen %70eko dirulaguntzen konpromisoa udal honi idatziz jakinaraztea, baita behar diren gestioak egin ditzala, Estatuak bere eskumenak bete ditzan hondamendi egoerako finantzaketari dagokionez, eta era berean, behar diren kontu-sailak esleitu ditzala ibaiaren ibilguan konponketa eta mantentze lanak egteko. Baztango udalaren ustez, ez baita aski izan konponketari esleitu zaion kontu-saila, eta ez dago mantentze lanak egiteko kontu-sailik.

 

0 euro jaso ditu Udalak Nafarroako eta Espainiako Gobernuetatik

Baztanen 2014ko uztailaren 4an gertatu ziren uholdeen ondotik, Udalak guztira 7.624.774,30 eurotan baloratu ditu kalteak. Dirutza horretatik, 3.285.616,20 euro Udalaren ardurapeko azpiegituretan eta eraikin publikoetan eragindako kalteei dagozkie. Kalte horien konponketa finantzatze aldera, Baztango Udalak finantza-laguntza eskatu dio bai Nafarroako Gobernuari bai Estatuko Gobernuari eta, aldi berean, Udalak bere aseguruari eman dio parte, udal eraikinei dagokienez.

Hondamendia gertatu denetik lau hilabete baino gehiago pasatu eta gero, bakar-bakarrik baieztatu diote Udalari aseguru-partzuergoak 436.010,90 euro ordainduko dituela, kalteen balorazioa 842.260,55 euro izanik.

Gaur egun, hutsaren hurrengoa jaso da, hau da, Udalak 307/2005 Errege Dekretuan aurreikusitako laguntzak eskatu zizkion Barne Ministerioari, eta ezezkoa eman diote. Eta Nafarroako Gobernuari dagokionez, ahozko konpromiso bat bertzerik ez daukate emergentziako obren % 70 finantzatzeko; obra horiek 1.586.135,90 eurotan daude baloratuta.

Horrela, gaur gaurkoz, Baztango Udalak 0 euro jaso du Foru eta Estatuko Administrazioetatik, azpiegitura publikoetan izaniko kalteen konponketa finantzatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun