Ernesto Pratek Orpoz orpo bere bigarren nobela Elizondoko gaztetxean aurkeztu zuen urriaren 10ean. Eleberria argitaratu berria izanik, tramaren ingurukoak saihestu nahiago izan zituen eta, horrela, solasaldia kontaketaren elementu orokorretan eta idazketaren ingurukoetan antolatu zuen. Gaztetxeko goitiko solairua jendez bete zen eta mokau eta hurrupaldien artean goxoki egon ziren. Orain artio liburuaren berri emateko eskainitako elkarrizketetan aipaturiko kontu batzuk azpimarratzeaz gain: nobela pitoa dela; sexua, umorea eta klandestinitatea nahasten dituela; gazte baten parodia dela… Idazketa momentuari eta klandestinitateari dagozkion hainbat bizipen eta gogoeta partekatu zituen, entzuleak sasiko bizitzaren trama egiazkoarekin harrapatuz eta ixilpeko mundu erreal horren parte eginez; orduan agertu ziren beldurra, hestura, gerra zikina, jazarpena… Eta, halako baldintzetan bizitzeko indarra atxekitzeko nobela pitoa idatzi beharra. Umorea, bizirauteko estrategia bezala.