Esklerosi Lateral Amiotrofikoa (ELA) eritasuna ezagutarazteko eta ikerkuntzarako dirua biltzeko asmoz, Baztango Batzar Nagusiak ere onartu zuen Amaiurko sokatira taldeak luzatutako erronka, eta elkartasun kateari jarraipena emanez busti egin zen urriaren 11n, Balleko Etxearen aitzinean. Batzarkideekin batera, ELA eritasunarekin hildako Joxe Jabier Sarratea eta Alicia Arozarenaren senideak ere izan ziren ekitaldian. Baztango herrietako eskolek eta institutuek, Txaruta Pilota Elkarteak eta Baztandarren Biltzarra Elkarteak jaso zuten katearekin segitzeko gonbitea eta elkarte honetako kideek segidan hartu zuten lekukoa, erdiko argazkian ageri denez. Baztandarren Biltzarrak, Baigorriko Basaizea elkarteari, Trikidantz musika taldeari eta Baztango bertso eskolari luzatu die katearekin segitzeko erronka. Bertzetik, Lekarozko instalazioak zaintzen dituen Patziku Pernaute ere busti zuten Menditarrak BRTko taldekideek, La Unicaren kontrako derbiaren ondotik.