«Gure sustraiak ezagutu, hedatu eta gaurkotuta plazaratzea da asmoa»

Eneritz IRAOLA 2014ko urriaren 30a

Azaroaren 1ean, Arizkunen dute hitzordua Kirikoketaren sekretuak ezagutu nahi dituztenek. Artxiboko argazkia

Noiz eta nola sortu zen Jo ala Jo kultur taldea?
1997. urtean, orduko Baz­tango Gazte Asan­bladak antolatu zuen txalaparta ikastaro baten harira sortu zen. Bertan ikasi genuen Kirikoketa zer den eta gure eskualdean euskal perkusioko aldaera bat noizbait izan zenaren ideiak liluratu gintuen. Hala,1999. urtean Jo ala Jo Kultur Taldea sortu genuen, jendarte honetako sustraiak ezagu­tu, hedatu eta gaurkotasunez plazara­tzeko. Hasieratik, herritarrak izan dira protagonistak eta inplikazio eta parte har­tze handia lortu da, gaur egun oraindik badirauena.
 
15 urte hauetako ibilbidea nolakoa izan da?
Hausnarketetan beti izaten dugu autokritika la­tza baina atzera begira­tzea bezalakorik ez dago eraikitakoaz jabe­tzeko. Maitasunetik egindako lana da, lana aisial­di bihurtua. Gure nortasuna taldean egindako jardunak zizelkatu du nolabait, eta kontent gaude. Kultura herrikoiaren abiapuntutik herrigintzan murgildu gara eta hasierako pausuetan ez genuke imajinatu ere eginen Dolaretxe bat zaharberritu eta funtzionamenduan jarriko genuenik, mutildantzak menpera­tzen dituzten dantza-erakusleak aterako zirenik, geronek sortutako mutildantzak dantzatzera iri­tsiko ginenik... Jakintzan murgiltzen zaren neu­rrian bide berriak ireki­tzen dira, eta hauek bide berrietara eramaten zaituzte. Azken aldian sagardogintzari bultzada bat ematea dago gure helburuen artean. Baztanen sagardoa eta pite­rra egiten duten etxeen zerrenda bat egin eta ha­rremanetan jarri ginen iaz. Aurten sagardoa eta sagarra dastatzeko ikastaroak antolatu ditugu bi egunez, jendea sagardoa eta piterra egitera animatzeko lehendabiziko pausua hauek ezagutzea baita. Bide batez, soziekonomian eragiteko gure apurra jarriko dugu ahal bada.
 
Nondik eskuratu duzue informazioa?
Hariari tiraka batzuetan, kasualitatez bertzeetan, orduak sartzen betiere, aurki daiteke eta denon eskura dago, paperetan eta pertsonetan. Zorte handia dugu historian zehar adituak gure inguruetan ibili zirelako eta dabiltzalako. Han hemenka aurkitu ditugun baserritar anonimoen ekarpenak ere garran­tzi­tsuak izan dira. Baina dudarik gabe, Larralde aita semeek egindako ikerketak eta transmisiorako duten bokazio eredugarria dira guretako iturri­rik oparoenak. Pa­tsa lan­tzen erakustera, Yartu Elkartekoak etorri ziren. Sagarra nola heda eta jo dolarean eta patsa nola tinkatu erakusteko, Berako Antonio Irazokiren laguntza izan genuen, baita Fermin Otxan­dore­na lekaroztarrarena ere.
 
Gamioxar berritzeko lanak nola egin ziren?
Jo ala Jo taldearen sorre­ratik beretik jakin genuen dolaretxe hau bazela, gure egoitzatako hartu genuen errentan, eta orduz geroztik guztiz hondatua zegoena pixkanaka zaharberrituz joan gara, 2005ean lehendabizikoz martxan jarri eta Kirikoketa Besta bertan egitera pasa ginen. Dena auzolanean egin da. Dolaretxe zenbait bisitatu genituen, dokumentatu, aholkuak eskatu…
 
Etorkizunean zer? 
Gus­tatuko litzaiguke Dolaretxea guztiz egoki­tzea. XVIII. mendeko eguneroko bizitzaren interpretazio gune gisa, gune hortan ogia erauz­teko eta bertze lanetarako jendea elkartzen zen, eguneroko bizitza soziala hor mamitzen zen, eta guzti horren isla izatea nahiko genuke. Bildutako materiala eskura egonen den leku bat sortzea, Baztango Folklore Eskola? Utopikoa agian. Oraingoz behintzat, orain artio bezala, xera-xera, he­rrietara kirikoketa, gaita, xulubita eta ttun ttun doinuak eramanen ditugu, dantzatu, antolatu eta batez ere, egiten dugunarekin ongi pasatu.
 
KIRIKOKETA
«Gizakiak lana eta josteta, biak uztartze­ko joera izan du. Taldean egiten den lan anitzetan koordinazioa behar da lana ­jasangarri egin eta joko bihurtzeko. Erritmoak erabil­tzen dira inolako asmo musikalik gabe, ­batzuetan kantuz lagundurik. Sagar joleak gainera, lanak akitzean lan tresnak hartu eta larrainera ateratzen ziren pats-oholean pisoi edo mazekin joz laneko joku erritmikoak errepikatzeko, oraingoan asmo musikalez». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun