Urriaren 24 eta 25ean azienda, postu eta besta giroan ospatuko dituzte Elizondoko feriak

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 23a

Hainbat azienda ikusteko modua izanen da Elizondoko ferietan. Artxiboko argazkia

Idi eta behorraren arteko apostua ere eginen da

Ikusmiran ibili edota tratuan aritzea maite dutenentzat, gustuko sasoia heldu da. Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, aurten ere ate joka ditugu, Udazkeneko lehenengo feriak, Elizondokoak. Elizondoko Herriak antolatuta, urriaren 24 eta 25ean, izanen da aziendazale diren eta ez direnendako zita garrantzitsua, beti bezala, ortziral eta larunbatez.

Ikusmiran ibili edota tratuan aritzea maite dutenentzat, gustuko sasoia heldu da. Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, aurten ere ate joka ditugu, Udazkeneko lehenengo feriak, Elizondokoak. Elizondoko Herriak antolatuta, urriaren 24 eta 25ean, izanen da aziendazale diren eta ez direnendako zita garrantzitsua, beti bezala, ortziral eta larunbatez.

Ortziralean, egun osoan, hainbat postu izanen dira Elizondoko karriketan barna, ­aurreko urteetan 200 inguru jarri izan dituzte. Datozen hilabeteetan goxo goxo ibiltzeko neguko jantziak, oinetakoak, galtzerdiak, mantak... Nekazaritzako lehengaiak, tresnak, jakiak... Begirada zorrotza eta diru-zorroa eskuan ibiltzea komeni, mauka hoberenak eskuratzeko.

Aziendak izaten dira Elizondoko Ferietako bertze protagonistak. Udazkeneko Ferien oinarria sorreran, gaur egun garai batean adina azienda buru biltzen ez den arren, kalitate eta itxura bikaineko ahari, behor, behiak... eramaten dituzte inguruko abeltzainek Merkatuko Plazara. Hauek ikusi edota traturen bat egin nahi duenak, goizeko 10:00etatik hasi eta eguerdira bitarte izanen du aukera. Makineria erakusketa ere eguerdira arte eginen da bertan. Eta 12:00etan bertsolarien txanda izanen da. Aurtengoan, Bittor eta Amaia Elizagoien aita-alabak ariko dira kantuan, eguerdi partea girotuz.

 

Idi eta behorraren arteko apostua

Bertsolarien ondotik, apostu berezia antolatu dute aurten estreinakoz. Idiak ala behorrak, bietako zein den indartsuago neurtuko baita. Elizondoko Herriak antolatu duen apostu berezia da aurtengo feriek dakarten berrikuntza. Apostuan, Idiak batetik, behorrak bestetik, harriari tiraka ariko dira. Urriaren 24an argituko da zein animaliak dituen plazarako dohai hobeak.

Arratsean, 20:00etan hasita, Esku Pilotako Enpresen Ligak antolatutako lau eta erdiko txapelketako final laurdenetako lehen partida jokatuko dute Olaetxeak eta Ezkurdiak eta ondotik, bertze partida bat ere izanen da.

 

Larunbatean ere postuak

Ortziraleko aukerarekin nahikoa ez dutenek, larunbatean ere izanen dute atsoferiaz gozatzeko aukera. Urriaren 25ean, egun osoz postuak jarrita egonen direlako herriko karriketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun