Herriko adin ttikiko emakume batek urte eta erdian jasandako eraso sexistak salatu dituzte Balleko Batzar Nagusiak eta Udalak.
Batzar Nagusiak eta Udalak onartutako akordioak dioenez, «hau ez da gertakari isolatu bat izan, egungo jendartean bizi ditugun sexuen arteko botere harremanen ondorio zuzena baizik». Bi erakundeen ustez, «gaur egungo errealitateak erakusten digu gazteen artean indarkeria sexista badagoela eta gertakari hau adinez txikikoen artekoa izatea kezkagarria da». Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko modu bakarra berdintasuna dela uste dute, «eta horretarako emakume eta gizonen parte-hartze aktiboa ezinbertzekoa da».
Nafarroako Adingabeen epaitegiak emandako autoarekin erabateko desadostasuna adierazi dute Batzar Nagusiak eta Udalak: «Mutilak urruntze agindua dauka ekainetik eta irailean ikasturtea bi gazteek ikastetxe berean matrikulatuta hasi zuten.Epaileak erabaki du aldentze neurria duen salatuari lehentasuna ematea eta biktimaren gainean jarri dute urruntze aginduaren pisu guztia».
Hau dena kontuan hartuz, bere elkartasuna helarazten diote erasoa jasan duen emakumeari eta bere familiari eta «edozein motatako indarkeri sexista, agerian dagoena eta ikusten ez dena» errefusatzen dute. Bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko konpromisoa ere hartu dute.