Sentsibilizazio kanpainaren baitan, Bestearen larruan jarri, zu zeu zertarako zaude prest? izenburupean argazki eta lelo lehiaketa antolatu dute Bidelagun Elkarteak eta Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko Gizarte Zerbitzuek. Lehiakideek Baztan eta Urdazubi-Zugarramurdiko ikastetxe edo Gizarte Zerbitzuen bidez parte hartzen ahal dute eta lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 14a izanen da.
Lehiaketa ikasleei zuzenduta dago eta lau kategoriatan banatua egonen da: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailak eta DBHko 3. eta 4. mailak.
Aurkezten diren lan guztiek argazki bat eta lelo bat izan behar dute, Bestearen larruan jarri, zu zertarako zaude prest? gaiaren inguruan. Leloak, guttienez esaldi bat eta gehienez hiru esaldi izanen ditu, euskaraz. Lanak formatu digitalean aurkeztuko dira azaroaren 14a baino lehen bidelagun@ hotmail.com helbide elektronikoan edo Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko ikastetxeetan edo Gizarte Zerbitzuetako bulegoetan.
Epaimahaia Bidelagun elkarteko kide batek, Gizarte Zerbitzuetako langile batek, argazkilari batek, euskara teknikariak eta Baztango udaleko zinegotzi batek osatuko dute eta lan sarituak abenduaren 5ean aurkeztuko dira, Boluntarioen Egunaren barrenean.