Kantauriko Ur-Konfederazioaren utzikeria salatu du Udalak

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 16a

Elbeteko Errotabideko zubia moldatzen hasiak dira. Juan Mari ONDIKOL

Mantenimendu lanen premia azpimarratu du

Uztailaren 4ko uholdeek sortutako kalteen balorazioa egin du Udalak. Azpiegitura publikoetan 2.346.821,64 euroko balorazioa egin du eta udal eraikinetako kalteak 992.794,82 eurokoak dira. Hauen artean, Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxea izan da kalterik handienak izan dituen eraikina. Udalaren balorazioaren arabera 464.604,91 euroko kalteak izan zituen eta 165.735 euroko kalteordaina jasoko du.

Horretaz gain, lur eremu pribatuetan 120.000 inguruko galerak izan dira, nekazariek eta EHNE eta UAGN sindikatuek aurkeztutako aurrekontuen arabera. 50 Hektarea inguru belagi, 2.500 metro kubiko lur, 5 Tona bazka eta 230 silo bola, eskoilerak, paretak eta alanbrezko hesiak galdu dira.  Baina, Balleko Etxetik diotenez, «au­rrekonturik gabe izandako kalteak zenbatzeko zailtasunak izan a­rren, bertze hainbertze ere izan daiteke».

Aseguruen Partzuergoetan oraindik eskaerak jasotzen ari dira, baina dagoeneko 3.742.169 euro ordaindu dituzte. 549 eskaeretatik 538 kudeatu dira, %98.

Kantauriko Ur Konfederazioak onartutako aurrekontuan 19 aktuazio eginen dituzte Baztanen, 913.000 euroko inbertsioa denera. Halere, Udalak salatu nahi du Kantauriko Ur Konfederazioaren utzikeria ibaiaren mantenimenduan: «Uste dugu kalte aunitz saihestu zitezkeela errekan behar diren mantenimendu lanak egin izan balira». Udala Ur Konfederazioaren aurkako erreklamazio bat jartzea aztertzen ari da.

Egoera hau izanik, Baztango Udalak jakinarazi nahi die herrita­rrei bai Nafarroako Gobernuan eta baita Ma­drilen ere kalteen %100 ordaintzeko eskatuko duela. «Hondamendi egoera batean udal batek ez duelakoz bere gain hartzen ahal lana eta gastu guztia. Gobernuen betebeharra da egoera hauetarako pol­tsa bat izatea eta baliabideak bideratzea», dio.  Oraindik erantzunik ez dutela jaso ere jakinarazi zuten.

Zergen salbuespenari dagokionez herritarrei jakinarazi nahi diete zergen erreziboa beti bezala bideratuko zaiela. Zergen salbuespena nahi duenak udalera joan beharko du eskatzera eta horretarako eredu bereziak prestatu dituzte tramitea e­rrazteko. Aseguru konpainiatik kalteen %100 kobratu duenak ez duela salbuespena izateko eskubiderik izanen ere jakinarazi dute. Eskaerak azaroaren 30a baino lehen egin beharko dira.

PLANGINTZA

Bertzalde, etorkizunera begira bi gauza planteatzen dituzte udaletik. Alde batetik, udazken honetan ibaiaren egoera aztertzeko eta uholdeek eragindako kalteak saihesteko plangintza bat landu nahi du. Horretarako ezinbertzekoa ikusten du Ur Konfederazioa, Nafa­rroako Gobernuko In­gurumen departamentua, Udala eta herrita­rren arteko eztabaida foroa sortzea, «proposamen guztiak aztertu eta zein neurri hartu nahi ditugun denon artean erabaki behar dugu». Bigarrenik, Baztango uholdeen inguruko la­rrialdi plana garatu nahi dute, lan hau hurrengo udaberrian egiteko helburuarekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun