Baztan, Bertizarana, Malerreka, Sunbilla, Bortziriak eta Urdazubi eta Zugarramurdiko emakumeak artatzen dituen Arreta Zentroa berriz ere Elizondoko Osasun Zentroaren beheitiko aldean jartzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak eta ez Oronoz-Mugairin, Baztan-Bidasoaldeko 15 udaletako ordezkariek eskatua zuten bezala.
Uztailaren 4an Baztanen gertatutako uholdeen ondorioz Elizondon zegoen eskualdeko emakumeen arreta zentroa erabili ezinik gelditu zen. Udal hautetsiek errandakoaren arabera, «kokapena mantentzea ezinezkoa zela adierazi zigutenez eta zonaldeko emakumeak Burlatara joan behar zutenez zerbitzua jaso ahal izateko, zentro hau berriz martxan jartzea presazkoa zela iruditzen zitzaigun eta horregatik lehenbailehen soluzio bateratu bat bilatzen saiatu ginen».
Elizondoko Osasun Zentroko tokiak arriskua zuela ikusita, bertze kokapen bat lehenbailehen bilatzearen beharra ikusten zuten udal ordezkariek. Behin behinekoz, Elizondoko Benito Menni ospitaleko eraikinetan jartzea erabaki du Osasunbideak. Eskualdeko udalen ustez, «behin betiko kokapenaren tokia topatu eta eskualdeko emakumeen zentroa lehenbailehen jartzearen beharra ikusten dugu».
Toki berria proposatzerakoan udalerri bakoitzak dituen eraikinak, erdigunetik hurbil egoteak eta sarbide egokiak izatea kontutan hartu zuten. Eskualdeko 15 udaleri, Igantzi, Bertizarana, Arantza, Beintza-Labaien, Sunbilla, Bera, Ituren, Lesaka, Oiz, Etxalar, Urroz, Baztan, Donamaria, Zubieta eta Ezkurrari, Oronoz–Mugairin Nafarroako Gobernuak duen eraikinean beheko solairua egokia iruditu zitzaien. Emakume zentroko langileekin ere solastu zuten eta kokapena egokia izan daitekeela iritzi dute. Bertzalde, Oronoz – Mugairiko urgentzizko puntua egonkortzeko eta zabaltzeko aukera ematen du, baliabideak modu arduratsuan erabiliz eta zerbitzua mantenduz edota hobetuz.
Osasunbideko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariarekin bildu ziren udal ordezkariak eta eskakizuna azaldu ondoren, «Emakumeen Arreta Zentroa uholdeen aurretik zegoen eraikinean mantentzea erabaki dutela helarazi zigun eta datozen hilabeteetan itzultzeko asmoa agertu digu, data zehatzik eman ez duen arren».
Jasotako erantzunak harridura eta kezka sortu die hautetsiei, «ez dugulako ulertzen hiru hilabeteren ondoren Nafarroako Gobernuaren azalpena. Osasunbideko ordezkariek, Elizondoko Osasun Zentroko beheko solairua erabili ezinik geldituko zela adierazi zigutenez, bertze kokaleku bat bilatzeari ekin genion eta orain segurtasun eta egokitasun arazorik ez omen dagoela azaldu dute eta bertze proposamenik onartzeko aurrekonturik aurreikusirik ez izateak erabaki hori hartzera bultzatu omen ditu».