Esklerosi Lateral Amiotrofikoa (ELA) eritasuna ezagutarazteko eta ikerkuntzarako dirua biltzeko asmoz, Baztango Batzar Nagusiak ere onartu du Amaiurko sokatira taldeak luzatu dion erronka, eta elkartasuna kateari jarraipen emanez busti egin zen larunbat eguerdian.
Batzar Nagusiko kideak urriaren 11n bildu ziren Udaletxe aitzinean eguerdian, hormatutako urez betetako baldeak burutik beheiti botatzeko eta bere diru ekarpenak egiteko prest. Batzarkideekin batera, ELA eritasunarekin hildako Joxe Jabier Sarratea eta Alicia Arozarenaren senideak ere izan ziren ekitaldian. Aitzinera begira, Baztango herrietako eskolek eta institutuek, Txaruta Pilota Elkarteak eta Baztandarren Biltzarra Elkarteak jaso dute katearekin segitzeko gonbitea.
Modu berean, Batzar Nagusiak gonbidatu nahi die baztandar guztiei parte hartzera eta diru ekarpenak egitera, ELA eritasunaren ikerketa bultzatzeko.