Herriko adin ttikiko emakume batek urte eta erdian jasandako eraso sexistak salatu ditu Baztan Balleko Batzar Nagusiak urriaren 1ean egindako bilkuran eta Baztango Udalak urriaren 2ko osoko bilkuran. Adierazpena onartzeaz gain, Udalak erabaki du Iruñeko Adingabeen 1. zenbakiko epaitegiaren aurrean agertzea eta azaltzea, aipatutako gertaerengatik akusazioa egitearren.
Batzar Nagusiak eta Udalak onartutako akordioak dioenez, «hau ez da gertakari isolatu bat izan, egungo jendartean bizi ditugun sexuen arteko botere harremanen ondorio zuzena baizik». Baztango bi erakundeen ustez, «gaur egungo errealitateak erakusten digu gazteen artean indarkeria sexista badagoela eta gertakari hau adinez txikikoen artekoa izatea kezkagarria da». Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko modu bakarra berdintasuna dela uste dute, «eta horretarako emakume eta gizonen parte-hartze aktiboa ezinbestekoa da».
Bertzalde, Nafarroako Adingabeen epaitegiak emandako autoarekin erabateko desadostasuna adierazi dute Batzar Nagusiak eta Udalak: «Mutilak urruntze agindua dauka ekainetik eta irailean ikasturtea bi gazteek ikastetxe berean matrikulatuta hasi zuten. Egoera honetan epaileak erabaki du aldentze neurria duen salatuari lehentasuna ematea eta biktimaren gainean jarri dute urruntze aginduaren pisu guztia».
Hau dena kontuan hartuz, Baztango Batzar Nagusiak eta Udalak bere elkartasuna helarazten diote eraso sexista jasan duen emakumeari eta bere familiari eta «edozein motatako indarkeri sexista, agerian dagoena eta ikusten ez dena» errafusatzen dute. Bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko konpromisoa ere hartu dute eta gonbitea egin diete herritar guztiei, «konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzeko, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde, baita edozein indarkeria edo diskriminazio sexista errefusatzeko ere».