Pirinioetako behi onenak saritu dituzte

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 2a

Behien "desfilea". Juan Mari ONDIKOL

Bibi zenaren omenez eskainitako saria Arraiozko Elizaldera joan zen

Aurten 27. edizioa bete duen Pirinioetako arrazako behien estatu mailako lehiaketa-enkantea egin da Elizondon Merkatuko Plazan asteburu honetan. Nafarroa eta Bizkaiko aziendek lortu zituzten sari gehienak. 

Gehienbat Euskal Herrian hazten diren aziendak izan ziren ikusgai Elizondon eta 35 abeltzainek 205 buru lehiaketara aurkeztu zituzten. 18 abeltzain Nafarroakoak ziren (7 Baztangoak), 11 Bizkaitik etorriak eta 6 Gipuzkoatik. Sarien artean bat bereiztekotan, Juan Miguel Agirre Ipa­rrea Bibi zenaren omenez, Arraiozko Elizaldeko Isabel Laurnagak jasotakoa, bere ustiategiaren kalitatearengatik. Atal bakoitzeko irabazleak joarea eta 90 euro jaso zituen sari­tzat, 70 euro bigarrenak eta 50 euro hirugarrenak.

Pirinioetako arraza kasik desagertua egotetik gaur egun 13.000 buru izatera pasatu da, hobekuntza genetikoaren ondorioz.  Elizondoko lehiaketan, geroz eta kalitate hobea eta erabaki zailagoa izaten dela azpimarratu du epaimahaiak

GASTRONOMIA LEHIAKETA

Laugarren urtez egin diren gastronomia jardunaldien baitan, lehiaketa izan zen eta Baztango aretxe pin­txo, salda eta busti onenak saritu zituzten. Sari nagusi gehienak Oronoz-Mugairiko ostatu-jatetxeek lortu zituzten. Pintxo onenaren saria Arraiozko Nafarmendi jatetxekoak eskuratu du, salda onena Elizondoko Karrika Ostatukoa izan da eta bustirik onena Arizkungo Bixta-Ederrekoa. INTIA-Reyno Gourmet produktu sorta bat eta sukaldaritzako liburu sorta bat, Elizondoko Nafarpress liburudendak eskainia lortu dituzte saritzat.

Nafarroako Aretxea sari berezia Elizondoko Saioa ostatuak eskuratu du, aretxearekin lotutako produktu eskain­tza orokor onenarengatik. Kasu honetan, Nafarroako Aratxeak eskaini duen 50 kilo behiki, 4 kaja ardo Príncipe de Viana eta sukaldaritzako liburu sorta bat, Elizondoko Nafarpress liburudendak eskainia lortu ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun