Uholdeek sortutako kalteen ondorioz, Baztango liburutegia ez da urri akabaila artio irekitzen ahalko. Kanpotik ikusita itxuraz ongi dagoela iduri badu ere, oraindik lan anitz dago egiteko: hondatutako liburuak banaka-banaka deskatalogatu behar dira, kaltetu diren liburu guztien zerrenda osatu eta eskaera egin, Nafarroako Liburutegiko Sarearen arduradunari jakinarazi…
Ondoko egunetan Aseguruen Partzuergoko perituak, kalteak zenbatzeaz arduratzen denak eta Nafarroako Gobernuak akordioa hestea espero da. Akordioa hetsi ondotik eta dirua lortu bezain agudo, altzariak aldatzen hasiko dira. Erran bezala eta itxuraz ongi baldin badaude ere, liburuak atxikitzen dituzten oholak azpitik hazten ari dira, hortaz, beheitiko aldeko eta saihetseko aldeko apal guztiak aldatu behar dira. Altzari berriak paratzeko, liburu guztiak erretiratu eta banaka-banaka bere tokian paratu behar dira. Horrek lana ez ezik, denbora anitz eskatzen du.
Hau guztia dela eta, eta perituak emandako aurreikuspenaren arabera, urri akabaila artio ez da liburutegia irekitzen ahalko. Hain zuzen, Baztango Udalak ez zuen orain artio oharrik idatzi, Aseguruan Partzuergoak eta perituak kalteen zenbaketa akitzekoa zutelakoz.