Ginekologia zerbitzua Oronozen jartzea eskatuko dute

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 18a

Uztailaren 4ko uholdeek gogorki kaltetu zuten Elizondokoa eta Burlatara joaten dira orain erabiltzaileak

Elizondoko Osasun Zentroan zegoen Emakumeen Arreta Zentroa gogorki kaltetu zuen uztailaren 4ko uholdeak. Ordutik honat ez dute bertan lanik egiten eta eskualdeko erabiltzaile guztiek Burlatara joan behar dute, haurdunaldirako, errebisioetarako edo ber­tze patologiak zaintzeko behar duten mediku arre­ta jasotzera. Baztan-Bidasoaldeko udal ordezkariek zenbait bilera egin dituzte abuztuan eta ginekologia zerbitzu hori Nafarroako Gobernuak Oronozen dituen eraikinetako batean ematea eskatuko diote Osasun Kontseilariari.

Aldaketa hori lehenbailehen egitea ere eskatuko dute udal ordezkariek eta horretarako bilera batera deituko dute abudo Marta Vera Osasun kontseilaria. Garbiñe Elizegi Baztango alkateak aipatu digunez, «lehen zegoen tokian ezin da be­rriz paratu zerbitzua, ez delako toki egokia, lu­rraren mailaren azpitik dagoelako eta berriz ere urpean gelditzeko arris­kua izan dezakeelako». 

Abuztuaren 20an eta 29an egin zituzten bileretan, Baztan-Bidasoaldeko udal ordezkariek Oronoz toki egokia li­tzatekeela adostu zuten. Orain, eskaera ho­rren berri emanen diote Nafarroako Gobernuari, lehenbailehen aldaketa egiteko. Bien bitartean, eskualdeko emakumeek Burlatan jasotzen ahal dute ginekologia zerbitzua, harat-honatek dakarten a­rriskuarekin eta denbora galtzearekin. «Zerbi­tzuaren murrizketa eragiten du horrek, emakume aunitz behar beharrezkoa dutenean bakarrik joaten direlako», dio Baztango alkateak. Emagin zerbitzua, be­rriz, Donezteben eskain­tzen dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun