Etxebizitza sozialen ordenantzari alegazioak aurkeztu dizkio EH Bilduk

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 18a

Etxebizitza sozialak benetan behar soziala duten pertsonen esku geldituko direla bermatzea nahi du

Baztango Udalak esku artean darabilki etxe­bizitza sozialen ordenantza. Baztanen etxe­bizitza duin eta egoki bat izateko beharra duten familiak aunitz izanda, eta Baztango Udala etxebizitza batzuen jabetzaren titularra denez, etxebizitza sozial­tzat jo ahal izateko etxe horietan bizi diren familien egoera soziala eta ekonomikoa berrikusteari ekin zioten Baztanen. Hau dena bidera­tzeko hasi ziren etxebizitza sozialen ordenan­tza egiten.

Bilduk ordenantzaren zirriborroa prestatu, eta bertze ordezkari politikoei eta herri guztietako alkateei bidali zien ekarpenak egin ahal izateko. Ekarpenak jaso ondotik, proposamena ekainaren 26ko osoko bilkuran ordenantza proposamena hori aurkeztu zuten. EH Bilduk ordenantza honekin «gaur egun etxebizitza hauetan bizi diren adinez nagusiko jendeak hor bizitzen jarraitzeko aukera izanen luke, betiere beharrezko baldin­tza sozioekonomikoak betez gero». Baldintza horiek bete gabe, 75 urte baino gehiago dutenek bertan segitzeko aukera izanen lukete diru kopuru bat ordainduta. Hala, etxebizitza horien erabilera soziala bermatuko litzatekeela dio EH Bilduk. Baina proposamen horri ezezkoa eman zioten UPNk eta Baztango Ezkerrak.

Abuztuaren 28ko Osoko BIlkuran Baztango Ezkerrak bertze ordenantza proposamen bat aurkeztu zuen UPNren ekarpenak gehituz, eta bien botoekin onartu zen. EH Bildu horren aurka agertu zen eta horren arrazoiak azaldu ditu.

EH BILDUREN ARRAZOIAK

Ordenantza horrek zera dio: Eraikinaren erabileraren erabakia, eraikina kokatua dagoen herriaren batzarrean erabakiko du, eta erabakia loteslea izanen da. Koalizio abertzalea ados dago batzarreak eraikinari eman behar zaion erabilerari buruz erabakitzearekin, baina bere ustez, «etxebizitza erabilera izan behar badu, etxebizitza soziala izan behar luke ezinbertzean, eta ordenantzak ez du hori bermatzen».

Gaur egun etxe horien titularrak diren eta bertan azken hamar urteetan bizi izan diren, eta Baztanen bertze etxe­rik ez duten 65 urte­tik goitiko pertsonak, hil arte ordenantza honen aplikaziotik salbuetsita egonen direla ere bildua du ordenantza eta EH Bildu ez dator horrekin bat: «bidezkoa al da Baztanen etxerik ez, baina kanpoan daukanak edota bertze ondasunak dituenak etxebizi­tza sozial bat hartzea, inolako etxerik ez daukan pertsona behar­tsuari aukera kenduz?».

Horrekin batera, ordenantzak dio gaur egun etxebizitza sozialak erabiltzen ari diren pertsonen kasuan, ja­rraipena izan dezakete non eta bere garaian ematerako orduan erabili ziren kondizio ekonomiko edo sozialak gaur betetzen badituzte. EH Bildu horrekin ere ez dago ados, «honekin adineko eta elbarrituak diren zenbait pertsona kalean geldituko liratekeelako».

EH Bilduk salatu du ez UPN eta ez Baztango Ezkerra ez direla Udal Zerbitzu Sozialetako langileen egon: «ez dute beren proposamenak izan ditzakeen ondorioak behar bezala kon­tras­­tatu». Koalizio aber­tzaleak uste du, «ezke­rre­ko ikuspuntu batetik ez dela onarga­rria per­tsonen ondasuna ain­tzat ez hartzea etxebizitza sozialen eskaera aztertzeko momentuan, ko­herentzia falta larria erakusten du Ezkerra tal­de parlamentarioak Iru­ñean etxebizitza eskubidearen eta justizia so­zialaren inguruan egiten duen diskurtsoarekin».

Ordenantza honi alegazioak aurkezteko asmoa adierazi du, «Baz­tanen etxebiztiza sozialak benetan behar soziala duten pertsonen esku geldituko direla bermatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun