Pirinioetako behi azienden nazio mailako 27. Lehiaketa-enkantea eginen da irailaren 20 eta 21ean Elizondon. Produktu turistiko berriak sortzeko lanean, Nafarroako Gobernuak Abeltzaintza Azoken Ibilbidea plazaratu du. Horren barnean, asteburuan ospatuko den lehiaketa-enkantea izanen da seguruenik bisitari gehien erakarriko duen azoka.
Aurtengo edizioa aurkezteko irailaren 17an egindako prentsaurrekoa aratxeki-pintxo jatearekin hasi zen, Isidoro Alvarezen omenez egina berak zuzentzen zuen enpresan tokiko produktuei eman izan zaien laguntzagatik eta haren enpresa lehiaketa honen babesleetako bat izateagatik.
Auzolana
Aurten, auzolana, uda honetako uholdeek Baztanen eragindako kalteei hain denbora gutxian aurre egiteko hainbat herritar bildu zuena, izanen da edizio honen eskuorriaren gai nagusia.
Uztailaren 4an izan ziren uholdeek kinka larrian paratu dute Baztan eta haren herritarrek berriz erakutsi behar izan dute zailtasunetatik ateratzen badakitela. Jon Elizetxe Baztango Udaleko Abeltzaintza zinegotziaren hitzetan, uholdeek utzi zuten anabasan herritarren batasuna eta gogo-nahia izan ziren nabermenena: «Azokaren eremua uholdeen sarraskiak utzitako hondarrak biltzeko leku bilakatu zen. Hondamendiak, azokan abereek edaten duten ura ukitu izanen zuen beldur ginen baina hondatutakoa txikia zen eta berehala konpondu ahal izan genuen. Hala bada, asteburu honetan Lehiaketa beti bezala ospatu ahal izanen da eta Baztanera giro jatorra eta ona ekartzeko balio izanen du», adierazi zuen zinegotziak.
Patxi Aranguren ASPINAko idazkariaren iritziz, hori da eredu behar dugun izpiritua, behi-azienda piriniotarraren berreskurapenean erdietsitako lorpenen gainean gogoeta egiteko parada ere eman diguna: «genetikoki aitzinamendu handia egin da: genetika-indizeetan, erditzeko erraztasunetan, arrazaren eraketa eta izaera. Gure arrazak eta haren haragiak duten aitorpena nabarmen zabaldu da gure herrialdetik kanpoan».
Aurten Elizondoko lehiaketa nazionalean 35 ganadutegik hartuko dute parte: 18 nafarrek (7 baztandarrek), 11 bizkaitarrek eta 6 gipuzkoarrek. Guztira 347 buru bilduko dira lehiaketarako, 26 saltzeko eta 35 behikume oraindik errapeetatik edoskitzen dutenak. Arangunek lehiaketari antzematen zaion «bizigarria» aipatzen du: «abeltzain gazteak etorri dira lehen aldiz eta hemengo arrazaren alde egiten ari diren guztien erakusle dira. Etorkizunera baikor begiratzeko bide ematen digute». Orobat, lehiaketarekin batera Gastronomia Ibilbidea antolatzeak «gure lanaren emaitza, aratxekia, gehiago baloratzea ekarriko du».
Gastronomia ibilbidea
Berri samarra izan arren, Ibilbideak harrera arrunt ona izan du bai establezimendu parte-hartzaileen aldetik, bai bezero, bisitari nahiz herritarren aldetik. Bertzalde, orain urte batzuk hona, Guía Repsolek ematen dituen turismo eskaintza gomendatuen artean aipatzen du.
Gastronomia eta elikadura tokiko produktuei begira daude horiek baitira hobekin ezagutzen direnak eta aukera gehien eskaintzen dituztenak. Lehengaiari erreparatzen dion begirada horretan kalitate-kontrolerako erakundeek egiten duten lana bereziki garrantzitsua da. Hori da urtez urte fidelizatuz doan xedeetako bat. Bigarrena, aratxekiaren zapore eta aprobetxamendurako tradiziozko errezetak berreskuratzea da.
Aratxekiaren Ibilbidea Pirinioko behi-aziendaren lehiaketa-enkantearen eskuorrian ikusi ahal izanen da. 2000 ale argitaratu dira. Parte hartzen duten ostalaritza establezimenduetan ere kartelak izanen dira ikusgai. Edizio honetan 16 ostatu-jatetxe ditugu, kategoria bat, bi edo hirurak eskaintzen dituztenak. Asteburu honetan bisitariek eta herrikoek gure ostalaritzak Nafarroako aratxekian oinarriturik garatu duen irudimenaz, sormenaz eta kalitateaz gozatu ahal izanen dute. Ardo nafarrak lagundurik asteburua gozatzeko bertze aukera bat izanen dugu.
Igande honetan kategoria bakoitzeko sarituak bai eta, oro har, gastronomia eskaintzarik onena egin duen establezimenduaren izena jakinaraziko dira. Sarietan hauek laguntzen dute: Nafarroako Aratxea-Reyno Gourmet, Príncipe de Viana taldeko upategiak eta Nafarpress liburu denda.
Programa
Larunbat goizeko 9:00ak baino lehen sartuko dira aziendak eta ordu horretatik aitzinera hasiko dira txanda kalifikatzaileak. Lehenago, 08:30ean, Baztango aratxea ibilbide gastronomikoaren inaugurazioa eginen da. 17:30etik 20:00etara behi aziendaren erakustaldia eta komentatutako txanda kalifikatzaileak eginen dira. Igandeko egitarauari dagokionez, 10:00etatik 14:00etara artisau feria eginen da. 11:30ean, Nafarroako aratxea eta Gorramendi gasna dastaketa. 12:00etan pintxo, salda eta busti lehiaketako sari banaketa. 12:30ean azienda enkantea eta 13:00etan azienda lehiaketaren sari banaketa. Irailaren 19an, ortziralean, abelburuak Merkatuko Plazan sartzeko aukera izanen da arratsaldeko 3etatik aitzinera.