Urteetako ibilbidearen ondoren, Eskoziar herriak bere etorkizuna libreki erabakiko du datorren irailaren 18an. Eskozian, bertako herritarrek hartuko dute hitza; eta herritarrak izanen dira, Eskoziak zer nolako antolaketa politikoa izan behar duen erabakiko dutenak. Egun historiko honen atarian, eskoziar herria zoriondu du Baztango Udalak, «libreki etorkizuna erabakitzeko burutzen ari diren ariketagatik. Herri orok duen eskubidea praktikara eraman da».
«Munduko herri askeen historiarako geratuko den data izanik, eta Eskoziar herritarrak beraien etorkizuna libreki erabakitzen ariko diren egunean bertan», Baztango Udalaren babesa adierazteko, Eskoziako bandera jarriko dute instituzioaren fatxada nagusian, ikusgarri eta lehentasunekoa izanen den tokian batean.
Irailaren 18an Eskozian eginen den erreferendum-a, «herrien askapen prozesuen ibilbidean beste urrats garrantzitsu bat izango da», Baztango udalaren oharrak dioenez. «Eskoziarrak, dagoeneko beren herriaren etorkizunaren jabe dira, eta laister batean, Katalunia, Euskal Herria eta munduko hainbat naziok ere eskubide hori egikarituko dugu. Herrien askatasunaren aldeko atzeraezineko prozesu bat abian dagoelako mundu mailan».