Gizarte arloan ari diren entitateei diruz laguntzeko deialdia egin du Udalak

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 4a

Lankidetza proiektuetarako deialdia ere egin du

Diru-laguntzak emateko bi deialdi egin ditu berriki Udalak.Horietako bat Baztanen esku hartu eta gizartera­tzea sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko talde, entitate, kolektibo eta elkarteei bideratua da. Diru-laguntza honen helburua prebentzioaren, lagun­tzaren, aisia eta denbora librearen eta gizar­teratzearen arloko lana eginez herritarren ongizatea bultzatuko duten programak susta­tzea da, hau da, espresuki, kolektibo ahulei, behar bereziak dituztenei edo gizarteratzeko zailtasunak dituztenei zuzenduta dauden programak sustatzea.

Bigarren laguntza deial­dia, nazioarteko lankidetzarako proiektuendako da, garapen bidean diren herrialdeetako komunitateen ahalmen sozio-ekonomikoak garatzen laguntzeko eta haien oinarrizko beha­rrizanak asetzen eta tokiko giza baliabideak bultzatzen laguntzeko. Haurrei erabateko laguntza ematea lehene­tsiko da eta horrekin batera hauek izanen dira lehentasunez jarduteko arloak: muturreko pobrezia eta goseta desage­rraztea; oinarrizko hez­kuntza unibertsalerako eskubidea; genero berdintasuna, eta emakumeek parte hartzeko eta erabakitzeko duten eskubidea; haurren hilkortasun tasa murriztea; bertze eritasun batzuen artean, GIBaren, paludismoaren eta malariaren eragina murriztea; ingurumenaren iraunkortasuna eta entitate bat bultzatzea munduko garapena sustatzeko. 

Bi deialdien kasuan irailaren erdialdera arteko epea izanen da proiek­tuak aurkezteko. Hori udale­txean egin beharko da, 09:00etatik 14:00­etara. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun