«Natura bizia eta animaliak trankil bizi diren oihan eremuak daude Finlandian»

Eneritz IRAOLA 2014ko irailaren 4a

Hartz arreei bertatik bertara argazkiak ateratzea lortu du. Iñaki ATXA

Hontz laponiar eta hartz arreen arrastoari segika

Hurbiletik ikusi eta klik batean bildu. Horixe zen Iñaki Atxa elizondarraren helburua eta Finlandian egindako astebeteko egonaldian bete du asmoa. «Gizakiaren esku-hartzerik gabeko eremua» zuten esperoan, «natura basatia». Ordu luzeko itxaronaldiek izan dute ordaina argazki bakoitzean arnasten baita animalia askeen indarra.

 

E. IRAOLA

Interneten bilaka, «bertze argazkilariek egindako bidaien kronikak irakurriz jakin nuen hango berri» erran digu Iñaki Atxak eta Finlandia ezagutzeko interesa piztu zitzaion. Hala, «han ibilitako argazkilari ba­tzuei Finlandiako giden kontaktuak eskatu eta   e-mail bidez guztia lo­tzen joan ginen». Bikotea eta biek egin dute bidaia ekainaren 4tik 11ra eta  esperientzia bikaina eta ehunka argazki eta bideo ekarri dituzte bueltan.

Finlandia, herrialde handia da baina biztanle gu­tti ditu «5,5 milioi in­guru eta gehienak herrial­dearen hegoaldean bizi dira, horrek erran nahi du herrialdearen gainontzeko eremua oihan boreal eta lakuek osatzen dutela» azaldu digu Iñakik. Horren ondorioz, «hainbat espezierentzat bizileku aproposa da» gaineratu digu.

HELBURUA

Bidaiaren helburu garbia «hontz laponia­rra eta, batez ere, hartz arrea­ hurbiletik ikustea zen argazkiak ongi atera ahal izateko, eta hortik aitzinera ikusten genituen espezieak ongi etorriak izango ziren noski».

LEHENDABIZI HONTZAK

Lehendabiziko bi egunetan hontzekin aritu ziren lanean «03:00etan gelditzen ginen gidarekin eta kotxez hurbiltzen ginen hontzak zeuden eremura, batzuetan ordu bateko desplazamenduak egin behar izaten genituen. Behin lekura iristean, kotxea u­tzi eta ekipo guztia bizka­rrera botata oihanean murgil­tzen ginen kabiren bat topatu arte». Bertako giden laguntza izan zuten eta, hala,«gidak kontrolatuak zituen kabi ezberdinetara eramaten gintuen eta bertan bazeuden, polliki-polliki gordelekura hurbildu, barnean sartu eta ordu batzuk pasten genituen gustuko argazkiak lortu arte».

HARTZEN BILA

Hurrengo eguna Finlandia mendebaldetik ekialdera zeharkatzeko behar izan zuten «Oulu hiritik trenez Kajaani he­rriraino, eta azkeneko 125 kilometroak egiteko gure bila etorri ziren, ez bai­tzegoen hartzak zeuden eremura ailega­tzeko bertze modurik» aipatu digu.

 

UNEA IRISTEAN

 

 

«Momentu eta lekua topatu eta argia egokia bada disfrutatu bertzerik ez dugu egin behar. Animalia eta gu bakarrik gaude ­oihanaren erdian».

Iñaki ATXA (Natur argazkilaria)

 

 

Azkeneko hiru egunak, Kuhmo eskualdean pasa zituzten Errusiako mugatik hiru kilometrotara, «garai batean militarrek erabil­tzen zuten zurezko etxe­ batean egiten genuen lo, argazkilarientzat berreskuratuta dute. Hau zen basea, hemen genuen logela, komunak-dutxak, jangela eta elektrizitatea kamararen bateriak kargatu ahal izateko». Bertatik, gordelekuetara oinez joaten ziren eta bertan  «ahal bezain eroso paratu eta hartzak noiz eto­rriko zain gelditzen ginen» azaldu digu. Arriskurik ba ote dagoen galdetuta, erantzun digu normalean ezetz, «arauak eta neurriak bete­tzen badira». Adibidez, «argazkilariok beti altxata egon behar dugu eta animaliak ez du jakin behar hor gaudenik, hartara, jokaera naturala izanen du eta ez du bere bizimodua aldatuko».

PAZIENTZIA DA SEKRETUA

Arratsaldetik goizaldera arte oihanean sartuta «14 orduko esperak egiten genituen estratejikoki kokatuak zeuden gordeleku kamuflatu ttiki batzuetan». Dena den, zortea izan zutela erran liteke, ez baitziren esku hutsik etxeratu egun bakar batean ere. «Lehenengo egonaldian har­tzak urrunetik ikusi ahal izan genituen eta argazki batzuk ateratzeko aukera izan genuen. Bigarren egonaldian, bi hartz kume bakarrik ikusi genituen eta gainera nahiko urrun, baina ‘glotona’ (izen zientifikoa: Gulo Gulo) jarri zitzaigun parean».  Hirugarren egonaldian, eguraldia ez zuten lagun eta argiaren inda­rra ere izugarri jautsi zela erran digu, «argazkiak ateratzeko zailtasuna handituz». Baina, «une magikoa» bizi ahal izan zutela dio «hartzak arras hurbiletik ikusi ahal izan genituen, denetara 5 heldu eta bi kume». 

 

ILUNTASUNIK EZ

«Arraroena beharbada ‘arratsez’ egin ditugula argazki guztiak, ekainean gu egon garen eremuan ez baitu iluntzen, 24 orduz argi dago.»

Iñaki ATXA (Natur argazkilaria)

 

 

USTEKABEA

Finlandiak 190.000 laku inguru ditu eta oparotasun horrek, badu hain atsegina ez den ondorioa «udako lehendabiziko beroekin bertan murgilduta dauden milioika arrautzetatik eltxo­ak ateratzen dira eta  krema berezi batzuk eraman genituen arren, ezin gainetik kendu». Bertako gidek berriz, «sareak zituzten buruan. Hemengo erlezainek erabiltzen dutenen antzeko zerbait, baina ttikiagoa».

AMESTUTAKO BIDAIA

Ttikitatik gustatu izan zaio Iñakiri animalien dokumentalak ikustea, baina Arizkunenean ikusitako Ander Olaizolaren argazki erakusketa batek «aho zabalik utzi»  eta segidan «sentitu nuen animalia horiek nere begiekin ikusteko desira. Orduztik, saltseatzen ibili naiz» azaldu digu.  «Esperientzia ede­rra» izan dela aipatu digu eta Rakel, bikotekideari ere «eske­rrak eman» nahi izan dizkio «bera gabe bidaia hau egitea zailagoa izango zelakoz. Argazki kamara, eta lagun batek u­tzitako objetiboa eraman zituen, eske­rrik asko zuri ere Bakar­txo! eta nirekin batera argazkiak atera­tzen aritu zen». Bidaian bildutakoak ikusgai dituzue http://vimeo­.com/99460267 eta inakiatxa.wordpress.com helbideetan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun