Etxebizitza sozialen ordenantzari alegazioak aurkeztuko dizkio Baztango EH Bilduk

Ttipi-Ttapa 2014ko irailaren 2a

Etxebizitza sozialak benetan behar soziala duten pertsonen esku geldituko direla bermatzea nahi du koalizio abertzaleak

Koalizio abertzaleak ordenantzak etxebizitza sozialak benetan behar soziala duten pertsonen esku geldituko direla bermatzea nahi du eta Baztango Ezkerrak UPNren ekarpenekin aurkeztutako ordenantzaren aurka egin du. Gaineratu du, «UPN eta Baztango Ezkerra ez direla Udal Zerbitzu Sozailetako langileekin egon eta beraz, ez dute beren proposamenak izan ditzakeen ondorioak behar bezala kontrastatu».

Baztango Udalak esku artean darabilki etxebizitza sozialen ordenantza. Baztanen etxebizitza duin eta egoki bat izateko beharra duten familiak aunitz izanda, eta Baztango Udala etxebizitza batzuen jabetzaren titularra denez, etxebizitza sozialtzat jo ahal izateko etxe horietan bizi diren familien egoera soziala eta ekonomikoa berrikusteari ekin zioten Baztanen. Hau dena bideratzeko hasi ziren etxebizitza sozialen ordenantza egiten.

Bilduk ordenantzaren zirriborroa prestatu, eta bertze ordezkari politikoei eta herri guztietako alkateei bidali zien ekarpenak egin ahal izateko. Ekarpenak jaso ondotik, proposamena ekainaren 26ko osoko bilkuran ordenantza proposamena hori aurkeztu zuten. EH Bilduk ordenantza honekin «gaur egun etxebizitza hauetan bizi diren adinez nagusiko jendeak hor bizitzen jarraitzeko aukera izanen luke, betiere beharrezko baldintza sozioekonomikoak betez gero». Baldintza horiek bete gabe, 75 urte baino gehiago dutenek bertan jarraitzeko aukera izanen lukete diru kopuru bat ordainduta. Hala, etxebizitza horien erabilera soziala bermatuko litzatekeela dio EH Bilduk. Baina proposamen horri ezezkoa eman zioten UPNk eta Baztango Ezkerrak.

Abuztuaren 28ko Osoko BIlkuran Baztango Ezkerrak bertze ordenantza proposamen bat aurkeztu zuen UPNren ekarpenak gehituz, eta bien botoekin onartu zen. EH Bildu horren aurka agertu zen eta horren arrazoiak azaldu ditu:

EH Bilduren arrazoiak

Ordenantza horrek zera dio: Eraikinaren erabileraren erabakia, eraikina kokatua dagoen herriaren batzarrean erabakiko du, eta erabakia loteslea izanen da. Koalizio abertzalea ados dago batzarreak eraikinari eman behar zaion erabilerari buruz erabakitzearekin, baina bere ustez, «etxebizitza erabilera izan behar badu, etxebizitza soziala izan behar luke ezinbertzean, eta ordenantzak ez du hori bermatzen».

Gaur egun etxe horien titularrak diren eta bertan azken hamar urteetan bizi izan diren, eta Baztanen bertze etxerik ez duten 65 urtetik goitiko pertsonak, hil arte ordenantza honen aplikaziotik salbuetsita egonen direla ere bildua du ordenantza eta EH Bildu ez dator horrekin bat: «bidezkoa al da Baztanen etxerik ez, baina kanpoan daukanak edota bertze ondasunak dituenak etxebizitza sozial bat hartzea, inolako etxerik ez daukan pertsona behartsuari aukera kenduz?».

Horrekin batera, ordenantzak dio gaur egun etxebizitza sozialak erabiltzen ari diren pertsonen kasuan, jarraipena izan dezakete non eta bere garaian ematerako orduan erabili ziren kondizio ekonomiko edo sozialak gaur betetzen badituzte. EH Bildu horrekin ere ez dago ados: «jakin badakigulako honekin adineko eta elbarrituak diren zenbait pertsona kalean geldituko liratekeela».

EH Bilduk salatu du ez UPN eta ez Baztango Ezkerra ez direla Udal Zerbitzu Sozialetako langileen egon: «ez dute beren proposamenak izan ditzakeen ondorioak behar bezala kontrastatu». Koalizio abertzaleak uste du, «ezkerreko ikuspuntu batetik ez dela onargarria pertsonen ondasuna aintzat ez hartzea etxebizitza sozialen eskaera aztertzeko momentuan» eta gaineratu du, «koherentzia falta larria erakusten du Ezkerra talde parlamentarioak Iruñean etxebizitza eskubidearen eta justizia sozialaren inguruan egiten duen diskurtsoarekin».

Ordenantza honi alegazioak aurkezteko asmoa adierazi du ,«Baztanen etxebiztiza sozialak benetan behar soziala duten pertsonen esku geldituko direla bermatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun