Baztango herri lurretako 350 metro koadroko lurzati bat aprobetxatzeko eskaera egina du Mikaela Etxenikek, Baztango 71. poligonoko 62. lursailean, eta hori aztertzeko bilduko dira gaur Batzar Nagusiko kideak. Ez-ohiko batzarra izanen da eta gaur udaletxeko batzar gelan eginen dute, 18:00etan.
Ondotik, berriz, Udalak ohiko batzarra eginen du, eta bertze gaien artean, hauek izanen dituzte eztabaidagai: udaleko 2014ko aurrekontuaren aldaketa, Iruritako gizarte bilgunea uzteko hitzarmena, Iruritako Dorrearen inguruko proposamena, 2014ko mugen ikuskapena, Esteribarko alkate-udalburuak emandako ebazpena, udalean euskararen erabilera normalizatzeko plana, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko ordenantza, Baztango Ezkerrak etxebizitza sozialen ordenantzaren inguruan aurkeztutako proposamena, UPNk etxebizitza sozialen ordenantzari buruz aurkeztutako idatzia, uztaileko uholdeen ondorioz egin beharreko urgentziazko lanak, udaltzain lanpostua, alkatetzaren eginkizunen eskuordetza eta Bilduk Gaztako erasoen gainean aurkeztutako mozioa eta Baztango Ezkerrak alkateen hautaketa demokratikoaren inguruan aurkeztutako mozioa. Udalaren batzarra 19:00etan hasiko da.