Baztango Mutil Dantzari Taldeak normaltasuna berrezartzeko deia egin die instituzioei

TTIPI-TTAPA 2014ko abuztuaren 13a

Baztango Mutildantzariak, Urdazubiko Burdinaren Egunean eskaini zuten saioaren ondotik. Juan Mari Ondikol

Mutildantza sentitzeko eta isladatzeko bi moduak errespetuz eman behar direla uste du

Baztango Mutil Dantzari Taldeak Baztan Balleko biztanle guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie ohar baten bidez, «Baztandarren Biltzarrean eta Elizondoko bestetan izandako Mutildantzen emanaldietan erakutsi duten jokabide eta gizatasunarengatik».

Baztango Mutil Dantzari Taldeak Baztan Balleko biztanle guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie ohar baten bidez, “Baztandarren Bitzarrean eta Elizondoko bestetan izandako Mutildantzen emanaldietan erakutsi duten jokabide eta gizatasunarengatik”.

Ez dituzte alde batera utzi nahi izan azken urtean eman diren gertakari desatsegin batzuk (Elbete 2013, Gartzain 2013, Elizondo 2014), «baztandar gizarteak ezagutzen dituen gertakariak. Bakoitzak bere ondorioak atera ditzala». Mutildantza tradizionala irudikatu duenean, Elkarte honek ez dituela inoiz emakumeak diskriminatu nahi izan dio oharrak, eta horren adibidetzat jartzen du Baztango Mutil Dantzari Taldeak bere sorreran atera zuen manifestua.  

«Argi eta garbi, Elkarte honetan nahiago dugu geratu auzotar eta dantzariek erakutsitako irudi positiboarekin, inoiz ez bezala mutildantza tradizionaletan parte hartzera hurbildu baitira», diote.

Aurtengo bestei dagokienez, uztailaren 25ean, Santio eguna, Elizondoko patroiaren egunean mutildantza tradizionala «guztiok ezagutzen ditugun arrazoiengatik ezin izan bazen dantzatu ere egin, paradoxikoki herriko plazan mutildantza mistoak normaltasun osoz ospatzen ari zirela, Ikastolako parkera (toki publikoa) hurbildu zen jendetza eta dantzari kopurua masiboa izan zen, ehunka biztanle eta berrogeitahamar dantzari baino gehiago mutidantza tradizionalari babesa emanez», Baztango Mutil Dantzari Taldeak dioenez.

Biharamunean (uztailak 26), «ezin zitekeenez toki publikoan mutildantza tradizionala dantzatu», Elizondoko barride batek, Ana Mari Marinek, bere loretokia eskaini zuen Elizondoko Vergarenea etxe aurrean, mutildantza tradizionala dantzatu zedin. «Loretokietan eta inguruetan bildu zen jende kopurua ikusgarria, edozein aurreikuspena gainditu zuen, 600 pertsona baino gehiago Santiago eta Alduides kaleak banatzen dituen burdin hesiaren alde bietan jarriak. Guzti hau gutxi balitz, deialdira 50 dantzari baino gehiago hurbildu ziren eta honek txalo zaparrada ozena ekarri zuen dantzaldiaren hasieran», Elkartearen oharrak dioenez.

Igandean (uztailak 27), aurreko egunean gertatutakoa gainditu zela azpimarratu du Baztango Mutil Dantzari Taldeak, «70 mutil-dantzari baino gehiago mutil dantzak dantzatzen. Ekitaldiari akabera emateko sentimenduz beteriko gertakari hunkigarria gertatu zen, Zortzikoa dantzatu zen eta honetara hainbat emakume gehitu ziren dantzarien eraztun handia osatuz (ehun baino gehiago). Txistu eta atabalarekin batera etengabeko txalo zaparradarekin lagunduak Zortzikoaren akaberarte».

Baztango Mutil Dantzari Taldeak eskerrak eman nahi dizkie Baztan Balleko biztanle, dantzari, txistulari, atabalari eta bereziki elkartea osatzen duten emakumeei, «mutil dantza tradizionala dantzatzen den bakoitzean laguntzen gaituztenak, guri babesa emateko urtero bertaratzen diren emakumeei».

Azkenik, instituzioei dei egiten diete (Baztango Udala eta Bailarako herrietako 15 alkateak) normaltasuna berrezarri dadin, «2015ean biziki espero dugun elkartasuna behingoz lor dezagun, gure Bailarako karriketan mutildantza behingoz gozatu ahal izateko. Dantza hau sentitu eta isladatzeko modu biak (tradizionala eta mistoa) normaltasun eta errespetu osoz eman behar direla onartuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun