Berako Enaitzen alde egiten ari diren ekitaldien artean, abuztuaren 31n, igande goizeko 11:30etik aitzinera pala eta erremonte profesional jaialdia jokatuko da Elizondoko pilotalekuan. Sarrerak aitzinetik salgai daude 6 eurotan, eta egun berean ere eros daitezke.
Palaz, Laskoiti eta Xabi Ibargarai erratzuarra Altadill eta Ayerberen kontra ariko dira. Erremonte partidako lau protagonistak eskualdekoak izanen dira: Xanti Uterga doneztebarra eta Endika saldiastarra, Gorka Urtasun iruritarra eta Patxi Olazar doneztebarraren kontra ariko dira.
Sarrerak Arizkungo Taskan (Dolaetxea), Berako Purienea dendan, Elizondoko Intza eta Labaienen, Erratzuko Zubipunta eta Iparlan, Iturengo Herriko Ostatuan, Lesakako Atxaspin eta Narbarteko Herriko Ostatuan eros daitezke, baita igandean frontoian ere.