Xorroxin irratiak antolatutako behikaka.com zozketa burutu zen uztailaren 27an Elizondon, Xorroxin irratiaren egoitza pareko belaian. Jendetza bildu zen zozketarekin gozatzera. Erdiz, Lore, eta Neke behiak ziren protagonistak, Agustin Arraztoa, Jokin Ramirez eta Juan Joxe Iñarrea behizainekin. Dena den bertzelakoek ere izan zuten zer erranik, Manolo Arozena eta Bittor Elizagoien bertsolariak bertsotan aritu ziren, Fanfarronak fanfarrea eta Incansables txaranga musikaz arduratu ziren eta Xorroxin irratiko lankideak jokaldi hoberenak komentatzen aritu ziren. Guztiek, behiek beren lana egin bidenabar, arratsaldea alaitu zuten. Hiru epaile aritu ziren guztia kontrolatzen, Jorge Oteiza, Ana Altzuri eta Itziar Erasun. Behien kakak ze laukitxotan egokitu ziren epaitu zuten.
Lehen saria Lore behiak banatu behar zuen zuen baina kaka egiteko gogo gutti eta 20 minutu zain egon ondotik, kakarik ez zuela egin eta zozketa egin behar izan zen. Zenbaki sariduna: 1. saria, Lerroa 1 eta zutabea 85 zuen laukitxoari egokitu zaio. Aipaturiko boletoa Burlatan saldu zen.
Bigarren saria Erdiz behiak banatu zuen, honek bai, minutu batzuk pasatuta kaka egin zuen. Kaka egin zuen laukitxo hauxe: Lerroa 22 eta zutabea 51 izan zen boleto sariduna. Boletoa Baztandarren Biltzarra egunean saldu zen.
Azkenik, hirugarren saria Neke behiak banatu zuen. Denbora hasi eta berehala egin zuen kaka. Lerroa 13 eta zutabea 44 duen laukitxoa izan da 3. sariaren irabazlea. 3. sariko boleto hau ere Baztandarren Biltzarra egunean saldu zen.
Igandean saridunik ez zen agertu baina sarituek hilabete bateko epea izanen dute txartel saridunak agertzeko. Beraz abuztuaren 27a bitartean agertu beharko dute Xorroxinera.
Lehen aipatutako zenbaki hoiez gain ordezko zenbakiak ere atera ziren. Hilabete baten buruan saridunik ez bada agertzen, ondorengo 15 egunetan ordezko zenbakien jabeak izanen du saria eskuratzeko aukera.
Ordezko zenbakiak hauek dira:
1.saria: lerroa 15-zutabea 50 (Lesakako Sanferminetan saldua)
2.saria: lerroa 3-zutabea 88 (Josetxo Apezetxeak saldua)
3.saria: lerroa 1-zutabea 32 (Arantzako Aterpen saldua)
Giro ederra bizi izan zen arratsalde partean behikaka.com zozketaren harira Gainera zozketa nagusiaz gain, tragoen truke zenbakiak banatu ziren eta ESAIT-en materiala eta ardo botil erraldoi bat zozketatu ziren.
Bertzalde, eta akitzeko, Xorroxin Irratia kontent dago berriz ere jendearen babesarekin, boleto guztiak saldu baititra aurten ere eta gehienbat jendearengandik jasotako laguntza eta babesarengatik.