Emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunaren diagnosia aurkeztu dute

TTIPI-TTAPA 2014ko uztailaren 24a

Baztandarren %72ak uste du ez dituztela aukera berdinak

Udaleko Berdintasun sailak Berdintasunerako I. Plana egiteko diagnosia akitu du berriki eta uztailaren 17an aurkeztu du. 2013an hasi zen prozesu parte hartzaile honek bi helburu nagusi izan ditu. Alde batetik, Baztango Udalerria bere testuin­guruan kokatzea eta, bertzetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna erdiesteko bidean Baztango egoera zein den ezagutzea.
 
Azterlan honetan metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa erabili da: etxez etxe banatutako inkesten bidezko datu bilketa eta azterketa ez ezik, arlo ezberdinetako lau eztabaida talde ere egin dira.
 
Hezkuntzari dagokionez, Baztanen neskek eta mutilek ikasketa ezberdinak aukera­tzen dituzte, bai Lanbide Eskolan bai Lekarozko institutuan. 
 
Lan munduan ere oraindik ezberdintasun nabarmenak daude. Langabetuen multzoa ere sexuka banatzen da: emakumezkoak zerbi­tzu sektorean pilatzen dira eta gizonezkoak zerbitzu sektorean ez ezik eraikuntzan eta industrian. Baztango gizonezko langabetu gehienek 45 urtetik goiti dute; emakumezko langabetuak 30-39 urte tartean daude.
 
Behin betiko kontratua dutenen artean gizonak nagusi dira Baz­tanen. Emakumeek ordea, behin-behineko kontratuekin dihardute. Lanaldi osoko lanetan gizonak dira nagusi eta emakumeak ordea, lanaldi partzialekoetan.
 
Oraindik ere, azterketa honen arabera, zain­tza eta etxeko lanetan emakumeak dira nagusi. Gizonen %1ak soi­lik dihardu horretan. Baztandarren iritzia kontuan harturik, gehienen ustea da etxeko lanak jendartean ez daudela baloraturik (% 70en ustea da). 
 
INDARKERIA
Emakumeen aurkako indarkeria kasuak ezkutatzeko joera izan arren, datuek genero indarkeria egon badagoela adierazten dute. Azken bederatzi urteotan 33 salaketa izan dira Baztanen. Hala ere, salaketek ez dute osotasuna erakusten, erre­alitatearen zati ttiki-ttikia baino ez. Baztandarren ustez, indarkeria sexista anitzetan ezkutuan gertatzen da.
 
Erantzundako galdetegietan oinarriturik, bada honako hau erratea: Baztango kultura jardueretan emakumeak baino gizon gehiagok parte hartzen duela; eta emakumeek ez partehartzearen arrazoia denbora falta dela. Nabarmen gelditu da, bertzalde, mutildantza aukera berdintasunik ezaren adibide bat dela. 
 
Partaidetza politikoari dagokionez, Udaleko alkatea emakumea den arren, 15 herrietan ez dago alkate den emakumerik eta mendi-ordezkarien gehien-gehienak ere gizonezkoak dira.
 
Baztandarren gehiengoak pentsatzen du emakumeek eta gizonek ez dituztela aukera berberak (erantzundako galdetegian % 72k du uste hori). 
 
Lehenbiziko azterketa hau Baztango Berdintasunerako I. Planaren abiapuntua izan da. Hastear dagoen biga­rren fasean, berriro ere partehartzeko prozesu bat paratu da martxan. Urrira artio luzatuko den prozesu honetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun alo­rrean ondoko lau urteetako ardatz estrategikoak zein ekintza zeha­tzak zehaztuko dira. 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun