5.400 euroko isunak jaso dituzte sei baztandarrek

TTIPI-TTAPA 2014ko uztailaren 24a

Bizi dugun salbuespen egoeraren erakusle dela uste du Ezker Abertzaleak

Baztango Ezker Abertzaleak sei baztandarrek ekainaren akaberan jasotako 1.200 eta 600 euroko isunen (5.400 euro denera) be­rri eman du eta, bidenabar, isun hauek eta herritarrek jasaten duten errepresio ekonomikoa salatu du.
 
Isunak Guardia Zibilak jarri ditu joan den irailean Herriraren kontrako operazioari buruz Elizondoko plazan egin zen batzarre informatiboarengatik. Bere garaian Herriraren kontrako polizia-operazio ho­rrek Euskal Herriko eragile desberdinen eta herritarren erabateko gaitzespena izan zuen. «Alta, operazioa herri honetan bizi dugun salbuespen egoeraren erakuslea izan zen eta sei baztandarrek jasotako isuna ere, horrela ulertu behar da», Ezker Abertzalearen ustez. 
 
Bertzalde bereziki azpimarratzekoa eta salatzekoa da isun hauek batzarre informatibo batengatik izan direla. «Orain artio jakinarazi gabeko elkarretaratzeengatik horrelakoak ezagutuak genituen –adierazi zuten uztailaren 16ko prentsaurrean–, baina ez informazioa ematea helburu zuten batzarreengatik. Ezbairik gabe, errepresioa koxka bat gorago eraman nahi dute. Batzar­tzeko, adierazteko, informazioa emateko eskubidea ukatu eta jazartzen duen estatua da Espainiakoa. Estatu ez demokratikoa».
 
Gauzak horrela, momentu honetan aipatu isun ekonomikoak errekurriturik daude. Nolanahi ere, aurtengo udan baztandarrek jasaten duten «errepresio zuri hori» salatzeko dinamikak eginen dituzte eta herritarren artean elkartasuna sustatu, arazoaren kontzientzia hartu eta herri erantzuna antolatzeko lanean jarraituko du Ezker Abertzaleak.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun