Aitzinera egiteko garaia da

E. IRAOLA / G. PIKABEA 2014ko uztailaren 24a

ATXA

Kalteak zenbatzen eta diru-laguntzak eskatu ahal izateko tramiteak egiten ari dira

Uztailaren 4ko uholdeek zerrenda beltza ekarri dute gibeletik: urak irentsitako komertzio eta ostatuak, hondatutako baserri bide eta zubiak eta ehunka kalte material. Baina gertaerak izan du argitik ere: auzolanaren ondorioz, momentuko hondamenari erantzuna eman zitzaion. Orain, datozen hilabeteetan kalte-ordainak iristen hastea espero dute.

 

Hogei minutu nahikoak izan ziren guztia hankaz goiti jartzeko, ura pentsa ez zitekeen tokietaraino iristeko. Eta urak bare­tzean, uholdearen arrastoari aurre egin behar izan diete ehunka baztandarrek.

Igerian zebiltzan jan­tzi, janari eta altzari aunitz, lokatzak irentsi zituen bertze batzuk eta urak zubi eta errepideak desage­rrarazi zituen. Hasierako larritasun eta ustekabeak baina, elkartasunari egin zioten leku: Baztan eta ingu­ruetatik jende ugari bertaratu zen lagun­tzeko asmoz.

Uztailaren 5ean, goizeko bederatzietarako egin zuten auzolanerako dei ofiziala, baina aitzi­netik ere, alerta laranja amaitu eta berehala hasita, aunitzek egina zuten euren esku zegoen guztia. Euren etxeetan zuten nahastea txukuntzea gerorako utziz.

Errekatik hurbilen dauden lekuetan izan ziren kalterik nabarmenenak, Elizondoko Txokoto, Jaime Urrutia eta Giltxaurdi karriketan agerikoa zen uraren indarra eta Erratzun, hain­bat baserri inkomunikaturik gelditu ziren. Hain zuzen ere, Zahar Etxea eta Erra­tzuko baserri bideen egoera izan ziren hasierako arreta gune nagusiak. Lehendabizikoa, zerbitzua ezin zelako eten eta biga­rrena, inkomunikazio egoerak arriskua handitzen zuelako.  

Horien ondotik, ailegatu zen Elizondoko erdiguneko ka­rriketan lanean gogor hasteko garaia.  Bertako saltoki, jatetxe tailer edo aroztegietan  handia izan da hondamena. Berreskura ezin zitekeen materiala bildu, Merkatu plazan inprobisatutako zabortegira eraman eta lokalak garbitzen aritu ziren ordu luzez, biharamunean berriro ere lanari ekiteko. Zahar, heldu eta gazte, hurbilekoak zein Euskal Herri osotik hurbildu zirenak «ber­tzela inongo harremanik ez duten pertsonak elkarrekin lanean aritu ginen, tirabirak... alde batera ­utzita» erran digu auzolanean aritutako batek. Elkarlan horri esker, astelehenerako “normaltasun” itxura zuten ka­rrika nagusiek. 

LEHENTASUNEZKO JARDUERAK

ORDENA NON KONPONKETA
1 Erratzu Elortarako bidea
2 Erratzu Mortalengo bidea
3 Erratzu Kastoneko bordara
4 Arizkun Zerrategiko bidea
5 Aritzakun Aritzakungo bidea
6 Erratzu Matxineko bordara bidea
7 Erratzu Mapitxen borda
8 Elizondo-Elbete Zubia
9 Ugaldea Zubia
10 Iñarbil (Erratzu) Maxaborroko bordara bidea
11 Beartzun Zelaietako bordara bidea
12 Beartzun Beartzun auzoa
13 Beartzun Gamioko borda

 

KALTEAK ZENBAKITAN

Kalteak zenbatzeko tenorea heldu zen orduan eta horretan ari dira oraindik. Udalak eraikin publikoetan 2-3 miloi euroko kalteak zenbatu ditu dagoeneko. Langile bat ere  kontratatu du aseguruen par­tzuergoekin koordinazio lanak egin eta udalak izan dituen kalte guztiak konpentsatuko direla ziurtatzeko. Oraingoz, Nafarroako Gobernuak 1,5 miloi euroko laguntza agindu du.  Etxe partikula­rretako kalteak be­rriz, aseguru-etxeek baloratuko dituzte, baina lehendabiziko datuek diote 500 inguru direla kaltetuak.

 

KALTE PRIBATUAK

Guztia legeztatua eta aseguruak indarrean edukitzea ­ezinbertzekoa da konpentsazioak jaso ahal izateko.  

 

MERKATARIEN ESKERTZA

Jasotako laguntza eskertu nahi izan duenik ere bada. Bertan merkatarien elkartekoek, eskerrak eman nahi izan dizkiete «borondatez eta eskuzabaltasunez lagundu diguzuen guzti-guztiei». Ohar bidez adierazi dute «miresga­rria eta laudaga­rria izan dela zuen ahalegina gure karri­kek eta dendek lehengo itxura, betidanik ezagutu izan dugun Elizondorena, azkar batean har­tzeko». Izandako lagun­tzari esker, he­rritarrek «bertzeenganako elkartasuna eta laguntza bihotzetan» dituztela diote merkatariek, «adin eta izaera guztietako per­tsonen bihotzetan». Denda ba­tzuk ireki dituzte dagoeneko eta falta direnak ahalik eta azkarren ireki eta zerbi­tzu osoa eskaintzeko ahaleginean ari direla ere jakinarazi dute.

EGOERAREN BALORAZIOA

 

Garbiñe ELIZEGI |  BAZTANGO ALKATEA

«Herritarren erantzuna eredugarria izan da, horri esker astelehenean nolabaiteko normalidadea zen nagusi karriketan»

 

Garbiketa lan gehienak akituta, «kalteen balorazioa egiten» ari direla azaldu digu Garbiñe Elizegik, Baztango alkateak. Horretarako, alde batetik, «arlo publikoan, pistetan izan diren kalteak aztertzeko pertsona bat dugu lanean eta udal eraikinetan  nolako kalteak izan diren jakiteko peritu bat kontratatu dugu, estimazio bat egiteko». Oraingoz, «lehentasuna duten lan ba­tzuk izendatu ditugu baserrietako bideetan. Lehenbailehen egin beharreko 13 obra dira, baserriak inkomunikaturik gelditu direlako».  Horiek bakarrik, «miloi bat euro badira gastuetan» aipatu digu, «baina lan gehiago ere beharko dira eta denak aztertuta, lan guztien aurrekontua bizpahiru asteren buruan izanen dugu». 

Kalteen artean, zahar etxea izan da arreta gune nagusietako bat «kalte handiak izan dira, beheko sotoan zeuden makina guztiak hondatu ditu urak. Hor bakarrik 200.000 euro joanen zaizkigu eta lanak ez dira hor bukatuko, margotu, elek­trizitate lanak» ere beharko baitira. Horretaz gain, Balleko etxean, Arizkunenean, liburutegian eta Giltxaurdi igerilekuan eta futbol zelaian ere badira kalteak. 

Urak aitzinean harrapatutako guztia eraman edo hondatu zuen, «Elizondo herrian eta baserrietan kalteak izugarriak izan dira. Baserritar aunitzek silo bolak, behiak, ardiak... galdu dituzte. Lehen belagiak zirenak orain erreka bihurtu dira. Merkatari eta negozioek ere kalte handiak izan dituzte». Dena den, «pozik» egoteko arrazoiak ere badira, «ez duelako inork minik hartu». Herritarrak «batzuk izututa» ikusten dituela aipatu digu «beldurgarria izan da gertatu dena, batzuentzat etsigarria ere izan da. Baina bertzetik jendea lanean ari da eta ahal duen moduan bere bizitzarekin segitzen du».

Egoera bere onera etortzeko «hilabeteak» beharko direla aitortu digu, baina «honi ere aitzinera egin beharko zaio». Bitartean, handik eta hemendik, irtenbideak bilatu nahian dabiltza, «Udalak Nafarroako Gobernuari hondamendi eremu izendatzeko eskaria egin zion eta hala eginen duenez, hortik bideratuko da Espainiako Gobernuak laguntzak ematea». Gainera, «kaltetuak izan direnek zerga salbuespenak izatea» ere eskatu diote eta Nafarroako Gobernuak onartu du. Hala, abuztu hasieratik azaroaren 30era arteko epea izanen dute interesatuek zerga salbuespen eskaria egiteko Balleko Etxean. 

Auzolana deitzea izan zen Udalak hartutako berehalako neu­rrietako bat eta «izandako erantzuna izugarria» izan zela eta, «alde horretatik arras eskertuak gaude» gaineratu digu. Nafa­rroako Gobernuak ere «garaiz erantzun» zuela uste du Baztango alkateak «momentuan ongi markatu zituen lehentasunak eta koordinazioa ere ona izan da».

Laguntzak noiz iritsiko diren galdetuta, data zehatzik ezin dela aurreratu aitortu digu «Aseguruen Partzuergoari dagokio partikularren kalte-ordainak ordaintzea, Tokiko Administrazioak azpiegituretarako dirua bideratuko du eta udal eraikinak konpontzeko gastuak, udal aseguruak hartuko ditu bere gain». 

Betiko eztabaidak ere piztu ditu Elizondon gertatutakoak «Ur konfederazioak beti aipatzen du Txokotoko presa oztopoa dela, baina ez da hori arazo bakarra. Giltxaurdiko zubia, hurrengo zubien zuloek ere traba egin dezakete, errekan gelditzen diren zuhaitzak ere ez dira garbitzen...». Horrelako egoerak saihesteko plan bat egitea proposatzen dute Elizondorako eta «hori denborarekin eginen» dutela aipatu digu Garbiñek, «gure ustez arazoa ez baita bakarra eta ongi aztertu beharko da guztia».

KALTETUEK OBRA BAIMENAK ESKATZEKO PROZEDURAK ETA ARGIBIDEAK

NAHITAEZ ESKARIA: Etxebizitza edo lokaletan obra egiteko nahitaez baimena eskatu behar da. Kaltea uholdeek sortua dela adieraziz. 

 

OBRA TTIKIA BADA: Eskaera udal erregistroan sartu eta egun batera emanen dira 
baimenak.
 
OBRA HANDIA BADA: Eskaera erregistratu, ­azterketa sakonagoa egin eta egun beteko epean abisatuko da segitu ­beharreko ­prozedura zein den. 
 
OBRAK LEGALIZATUAK: Jarduera ekonomikoa duten lokalek obra  baimena lortzeko, obrak legalizatuak egon behar du.
 
LEHENTASUNA: Jarduera ekonomikoren bat duten lokalen ­eskaerek lehentasuna ­izanen dute. 
 
ERREKA BAZTERREKO ZUHAITZAK: Ezin dira baimenik gabe hartu. Eskaera Balleko Etxean egin behar da.  
 
ZABORRAK: Hemendik goiti bota beha­­rreko zaborrak, norberak kudeatu beharko ditu eta eremu pribatuan dauden zuhaitz, harri eta zaborrak garbitzea ere norberaren ardura izanen da.
 
ESPAINIAKO MINISTERIOKO LAGUNTZAK
 
Hilabeteko epea izanen da eskaerak egiteko
 
Nafarroako Gobernuak kaltetutako zonaldea hondamendi eremu izendatu ondotik, segidan espero da Espainiako Gobernuak lagun­tza neurriak zehaztea. Oraindik zenbateko zeha­tzik ezin liteke aipatu baina, entitate publikoez gain, pribatuentzat ere laguntzak ­iritsiko direla aurreikusten da eta hauek hartu ahal izateko tramiteak, Baztango Udalak kudeatuko ditu. Jarraitu beharreko prozedura zein den argitzen dutenean, etxeetara informazioa bidaliko dutela aipatu digu alkateak eta segidan hilabeteko epea izanen dela eskaerak egiteko. Formularioak Ba­lleko Etxe­ra eka­rriko dituzte Ministeriotik eta kaltetutakoek bertan betetzeko aukera izanen dute. Formulario guztiak osatzean, Ministeriora igorriko dituzte. 
 
 

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun