Ez da erran beharrik aurtengo Baztandarren Biltzarra izan dela berezietan bereziena. Duela bi aste eskas uholdeek urpean utzi zuten Elizondo zati handi bat eta Erratzu, Arizkun eta bertze herrietan ere kalte handiak utzi zituen. Hori guztiak gainditu eta egun haietan egindako auzolana eskertzeko modua izan da aurtengo ospakizuna. Horren erakusle, Elizondoko koadrilla guztiek bat egin zuten orga bakarrean, hain zuzen orduan egindako lanak eta jasotako elkartasuna eskertzeko.
Elizondoko karroza horrek, bere logotipoa ere bazuen, uholdearen gainetik hiru ukabil azaltzen zituena. Auzolana irudikatzen duen irudi horren pegatinak ere banatu zituzten eta kamixetak ere salgai paratuko omen dituzte. “Auzolana, izerdi tantek sortutako elkartasun uholdea” zioen txalorik handienak jaso zituen karrozak, uholdeen argazkiekin ere hornitua zegoen. Beraientzat, aurtengo bigarren Baztandarren Biltzarra zela azpimarratu nahi izan zuten.
Halere, orga apainduen lehiaketan aurtengoan Gartzan izan da irabazle, lehengo bizimodu gogorra agertzen zuen karrozarekin. Emakumeak lanean, artzainak eta okinak ageri ziren bi gurdietan. 22 urte bazituzten gartzaindarrek irabazle suertatu gabe. Bigarren saria Berroetarentzat izan zen. Zozaiako jauregiko jauntxoei zergak ordaindu behar zizkieten berroetarren haserrea agertu zuten. Hirugarren saria, berriz, Elbetek eskuratu zuen, “Bordarien mantenue” orgarekin.
Amaiurko karrozak bertako baztanzopak onenak direla aldarrikatu zuen; Almandozkoak, baserri auzoetako eskolak irudikatu zituen, Maria Dominguez Remón irakaslea eta fusilatua hil zen lehen emakume alkatea gogoratuz; Anizek Darteko harriak karroza aurkeztu zuen; Zigako karrozan 1973an Zigaurrera ailegatu ziren bizilagunak agertu zituzten, nonbait loteriaren sari bat irabazi ondotik; Azpilkuetan, zerriak kontzeko txabolak egin zituzten; Erratzun, udaro barazkiei eraso egiten dien xartaxa eta Bilkorteko sorgina erremedioa eman nahirik irudikatu zuten; Arizkunen, dantza lotua plazan dantzatzeko zailtasunak erakutsi zituzten; Arraiozko karrozak, Jauregizarreko etxekoandreak sorgin izateagatik kondenatutako zortzi emakume nola salbatu zituen agertzen zuen; Iruritak, herriko gazteek inauteriak nola ospatzen zituzten; Oronozkoan, Franco garaian murriztutako eskubideez aritu ziren, hain zuzen, emakumeek ezin zutela batzarreetan parte hartu, «familiko buru ez izateagatik». Lekarozko organ, Lekarozko eskola berriz irekitzekotan nolakoa izan beharko lukeen agertzen zuten, euskalduna eta gaur egungo legeak ezartzen dituen murrizketarik gabe.
Karrozen desfilearen ondotik, Mutildantzak zituzten plazan eta euri ttantta batzuk erori zirenez, herri bazkaria Baztan pilotalekuan egin zen.