Gaur egun Xorroxin Irratiaren egoera ekonomikoa nahiko zaila da, dirulaguntzak aunitz murriztu baitira. Hori dela eta, diru iturri berriak bilatu behar izan dituzte eta bide horretan, 2009an, Behikaka.com ekimena antolatu zuen, gehienbat Nafarroako Gobernuak dirulaguntza osoa kendu zielako, gainontzeko euskarazko hedabideei bezala. Zozketa berexia, polita, umoretsua eta erakargarria da. Irratiaren egoera ekonomikoak larri segitzen du eta hortaz, laguntza ekonomikoa lortu nahian aurten 6. edizioa beteko du Behikaka.com ekimenak. Elizondon, Xorroxin irratiaren egoitza parean dagoen belaian burutuko da urteroko legez Behikaka.com ekimena, uztailaren 27an, arratsaldeko 5etatik aitzinera.
Belaia 3.000 laukitxotan banatuko dute. Guztira 30 lerro eta 100 zutabe. 3000 laukitxo horiek salgai jarri dira, boleto batzuen bidez. Jada boleto guztiak saldak dituzte, bertze behin ere, herritarren erantzuna zoragarria izan da. Ohikoa denez, hiru sari banatuko dituzte.
Sariak banatzeko arduradunak, 3 behi izanen dira. 3 behi eta 3 sari, beraz behi bakoitzak sari bat banatuko du. Behiaren kakak erabakiko du zeintzuk diren irabazleak. Behi bakoitzak kaka egiten duen laukitxoaren jabea izanen da sari bakoitzaren irabazlea. Dudak sor daitezke, ze laukitxotan egin du kaka, non hasi eta bukatzen da kaka,….guztiak argitzeko arauak idatzita daude, eta hiru epaile arduratuko dira epaia emateaz. Eta 20 minutuko tartean kaka egiten ez badu, zozketa bidez aterako da zenbaki sariduna.
Zozketaz gain, besta ttiki bat
Argi dago, zozketa honen helburuetako bat dirua biltzea dela, laguntza ekonomikoa jasotzea dela, dena den, ez da soilik hori izanen. Egun hortan berean, uztailaren 27an, besta ttiki baten moduan planteatuko dugu zozketa, musika, jokaldi hoberenen iruzkinak, bertsolariak…izanen dituzte, eta tragoxkaren bat hartzeko ostatua ere. Hain zuzen ere, ostatuan tragoxkaren bat hartzearen truke zenbaki batzuk banatuko dira egunean berean eta zuzeneko sari gehiago banatuko dituzte.
Igandeko bestan, Manolo Arozena eta Bittor Elizagoien bertsolariek eta Erratzuko Fanfarronak fanfarreak hartuko dute parte, bertzeak bertze.
Behikakaren inguruko informazio osotua www.behikaka.com web orrialdean.
Xorroxin Irratia
Xorroxin Irratiak, Baztan-Bidasoa eskualdean lanean dihardu. Duela 33 urte sortu zen, eta geroztik bide luzea egin du. Euskal herrian, euskara hutsean emititzen duen irrati aitzinakoena dugu. Gure irrati honek, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko hedadura hartzen du, guztira, 23.000 biztanle inguru daudelarik eskualde honetan. CIES enpresak egindako neurketaren arabera, entzuleak 14.000 inguru dira. Gure eskualdeaz gain Hondarribia, Irun eta Iparraldeko herri aunitzetan ere sintonizatzen da Xorroxin Irratia.