Baztandarren Biltzarra ekitaldiz gainezka etorriko da aurten ere

Ttipi-Ttapa 2014ko uztailaren 11

Karroza ikusgarriak ateratzen dituzte urtero baztandarrek.

Bazkarirako 1.100 txartel saldu ziren uztailaren 16an

Uztailaren 4ko uholdeen ondorioz, Baztandarren Biltzarra besta ez zela eginen erranez zurrumurruak zabaldu badira ere, antolatzaileek aitzinera egitea erabaki dute eta uztailaren 20an izanen da hitzordu haundia. 

Uztailaren 4ko uholdeen ondorioz, Baztandarren Biltzarra besta ez zela eginen erranez zurrumurruak zabaldu badira ere, antolatzaileek aitzinera egitea erabaki dute eta uztailaren 20an izanen da hitzordu haundia. Baztandarren Biltzarra elkartetik behin betiko egitarauaren berri eman dute.

10:00etan artisauen erakusketa zabalduko dute Pedro Axular karrikan eta 11:00etan orga apainduen desfilea hasiko da. Akitu, ordea, ez da ohiko tokian eginen. Desfilea udaletxe parean akitu beharrean, Arizkunenea Kultur etxean egitea erabaki baitute Baztandarren Biltzarra elkartekoek: «inposaketa baten ondorioz eta inondik ere gurea sentitzen ez dugun bandera espainiarra egonen da udaletxeko baloian. Hau horrela izanik, gure desadostasuna erakusteko, bestaren oinarria den desfilea ikur horren aitzinean akitu beharrean, Arizkunenea Kultur Etxean egitea erabaki dugu».

14:00etan Mutildantzak izanen dira Elizondoko herriko plazan eta 14:30ean herri bazkaria eginen dute Merkatuko Zelaian. Aipatu, bazkarirako txartelak uztailaren 16an salgai jarri zituztela Baztandarren Biltzarra elkartearen egoitzan eta 1.100 saldu zituzten. Ondotik bazkalondoko jaialdia hasiko da. 18:00etan Trikidantzek dantzaldia eskainiko du Laxoako frontoian eta 20:00etan Laiotzek hartuko du lekukoa toki berean. 01:00etatik aitzinera Tirri & Tery DJ-ak ariko dira Laxoko frontoiko Baztandarren Biltzarraren ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun