Kalte haundiak utzi dituzte joan den asteko uholdeek Baztanen. Oraindik kalteen balorazioa egiten ari dira baina lehen datuen arabera, milioika euroko ondorioak izanen lirateke. Udalak, erraterako, eremu publikoan kalteak zenbatekoak diren jakiteko peritu bat kontratatua du eta adierazi dutenez, ondoko asteetan jakinen dira datu zehatzak. Oraingoz, lehentasuna duten hamahiru jarduera zehaztuak dira, Erratzu, Arizkun eta Elizondon egin behar diren lanak.
1-Erratzu: Elortako bidea. Kaltetutako baserriak Mamutseneko borda, Domeneneko borda, Indako Borda, Arginen borda eta Irezaieko borda dira.
2-Erratzu: Mortalen Bordako bidea. Kaltetutako baserriak Mortalen borda, Dorretxipiko borda eta Ixtebeneko borda dira.
3-Erratzu: Kastoneko bordarako bidea.
4-Arizkun: Zerrategia zubia. Kaltetutako baserriak Arotzeneko borda, Elizaintzeneko borda eta Zerrategia dira.
5-Aritzakuneko bidea: Kaltetutako baserriak Bidegorrietako borda, Itsusitko borda, Kanteneko borda, Arraskako borda, Latadiko beheitiko borda, Latadiko goitiko borda, Burkaitzea eta Lezeta dira.
6-Erratzu: Matxineko bordarako bidea.
7-Erratzu: Mapitxen bordarako bidea.
8-Elizondo-Elbeteko zubia.
9-Ugaldeako bidea: Gastoneko bordarako bidea.
10-Erratzuko Iñarbil auzoa: Maxaborroko bordarako bidea.
11-Elizondoko Beartzun auzoan: Zelaietako bordarako bidea.
12-Beartzun auzoan: Laurentxeneko borda, Berekoetxeko borda, Askotako borda, Estebekoneko borda eta Itsatiko borda dira kaltetuak.
13-Beartzun auzoan: Gamioko borda ere kaltetua izan da.
Kaltetuak izan direnek obra baimena eskatzeko jarraitu beharreko prozedura
Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie egun hauetan lanean aritu diren herritarrei, eta bide batez, jakinarazi du diru laguntzak bideratzeko lanean ari direla. Uholdeen ondorioz kaltetuak izan direnek obra baimena eskatzeko jarraitu beharreko prozeduraren berri ere eman dute Udaletik.
Horren arabera, etxebizitza edo lokaletan obra egiteko nahitaez obra baimena eskatu beharko da, kaltea uholdeek sortua dela adierazi bidenabar. Obra ttikien kasuan, eskaera udal erregistroan sartu eta egun batera emanen dira baimenak. Obra haundien kasuan, berriz, azterketa zehatzagoa eskatuko da. Udal erregistroan sartu eta egun beteko epean abisatuko da, jarraitu beharreko prozedura zein den azalduz.
Jarduera ekonomikoren bat duten lokalen eskaerek lehentasuna izanen dutela erran dute Udaletik, baina baimena lortu ahal izateko obrak legalizatuak egotea ezinbertzekoa izanen dela ere erran dute.
Bertzalde, erreka bazterrean dauden zuhaitzak baimenik gabe ezin direla hartu ere oroitarazi dute, eskaerak udaletxean egin behar direla. Hemendik goiti bota beharreko zaborren kasuan, norberak kudeatu beharko ditu, baina edozein zalantza izanez gero, udaletxerat dei daiteke (948 580 006).
Eremu pribatuetan dauden zuhaitz, harri eta zaborren garbitzea pribatuaren ardura izanen dela ere azaldu dute Balleko Etxetik.
Merkatarien eskerrak
Bertan merkatarien elkarteak, bere aldetik, eskerrak eman nahi izan dizkie «borondatez eta eskuzabaltasunez lagundu diguzuen guzti-guztiei». Ohar bidez adierazi du «miresgarria eta laudagarria izan dela zuen ahalegina gure karrikek eta dendek lehengo itxura, betidanik ezagutu izan dugun Elizondorena, azkar batean hartzeko». Izandako laguntzari esker, herritarrek «bertzeenganako elkartasuna eta laguntza bihotzetan» dituztela diote merkatariek, «adin eta izaera guztietako pertsonen bihotzetan». Gazteen elkartasunak «etorkizun bihozberago, elkartasunean oinarritutako eta konprometituago baterako itxaropena uzten» diela ere gaineratu dute.
Ahalik eta azkarren dendak irekitzeko lanean ari direla ere jakinarazi dute Bertan elkartetik. Batzuk dagoeneko ireki ahal izan dituzte, nahiz eta oraindik ez lehengo egoera izan. Bertze batzuek denbora gehiago beharko dute lehenagoko zerbitzua eskaintzeko.