Udalak sustatutako baratze ekologikoak martxan dira

TTIPI-TTAPA 2014ko uztailaren 10a

Eremu egokia bilatzeak luze jo du. Utzitako argazkia

Elizondoko Eluts inguruan 45 lursail eskaintzen dira eta 24 erabiltzaile ari dira lanean

Prozesu luze baten ondotik, Baztango Udalak, azkenean, udal baratze ekologikoen eremua abiarazi du eta dagoeneko, 24 erabiltzaile ari dira beren lur-zatietan lanean. Eluts izeneko parajean denera 45 lursail eskaintzen dira eta, poliki-poliki, gainerako lur-zatiak ere banatuko dira eskariaren arabera. Udal baratzeak egiteko 17.000 euroko inbertsioa egin du Udalak. Horietarik, 6.000 euro Cederna-Garalurrek Europako Leader programatik lortu dira. Inbertsio horrekin pistak egin, ura eraman eta lurra prestatu dute. Lursail batzuk ikastaroetarako eta gizarte zerbitzuetarako gordeko dira.

Lur-zatiak banatzeko maiatzaren 20an zozketa egin zen eta, modu horretan, erabiltzaile bakoitzak berari dagokion lurra eskuratu zuen. Momentu horretatik aitzinerat eskaera egin eta eskatzaileak lursaila automatikoki eskuratu du erabilgarri diren lur-zati guztiak banatu artio. Udal baratzeak arautzeko 2013ko urtarrilean Baztango Batzar Nagusiaren eta Udalbatzaren onikusiaz ordenantza onartu zen.

Baztango udalak udal baratzeen proiektua 2012. urtean hasi zuen. Alta, proiektua aurkeztu eta berehala eginen zela uste bazen ere, prozesua konplikatu zen Elizondo inguruan herri-lur edo lur publiko egokirik ez bai­tzen eta eremu egokia bila­tzeak luze jo du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun