Elizondoko Beartzun auzoan Baztan Abentura Park inauguratu zuten ofizialki uztailaren 4an. BKZ Nafarroa Abentura da egitasmo honen sustatzailea eta Baztan bailara Abentura Turismoan lehenengo mailan kokatuko omen du. Aste Sainduan Tirolina erraldoiak (110 metroko altura eta 300-460 metroko luzera), haurrendako tirolina txikiak (3 urtetik aurrera) eta arroil aquapark naturala (rapelak, saltoak, txirristak) ireki ziren. Gan den ortziralean, berriz, hiru ekintza berrik ireki dituzte beren ateak.
Alde batetik, Mega Pendulo haundia, ausartenei zuzendua, plataforma 100 metroko alturan kokatuta dago, Beartzungo arroilaren gainekaldean. Europako saltorik handiena da. Munduko saltorik handienak Zelanda Berrian daude.
Pendulo handiaz gain bertze pendulo txiki bat ere badago, 30 metroko alturan eta saltoak, txirristak eta rapelak egiten diren presaren gainean. Adin txikikoek salto egiteko aukera izanen dute gurasoen baimenarekin.
Hirugarren ekintza 200 metroko Bide Ferrata handia da, arroilatik abiatu eta tirolinen lehenengo plataforman bukatzen dena. Duen segurtasun sistemari esker edozeinek egin dezake altuera handiko haitz handi bat igoz eta Beartzungo arroilan dauden ikuspegi zoragarriekin gozatzeko aukera emanez.
Baztango udaleko batzar nagusi, eskualdeko udal, Nafarroko Gobernua, Bertizko Partzuergoa, Cederna Garalur eta zonaldean turismo arloan lan egiten duten ordezkariak izan ziren inaugurazio ekitaldian.