Baztanen eskuara barra-barra leloarekin ospatuko da aurten ere baztandarren besta haundia uztailaren 20an. Egun osoko besta izanen da eta hori horrela izateko egitarau osatua prestatu du Baztandarren Biltzarra elkarteak.
Goizeko 10etatik aitzinera artisauen erakusketa egonen da ikusgai Pedro Axular karrikan. 11:00etan herri bakoitzak prestatutako orga apainduen desfilea hasiko da. 14:00etan Mutildantzak izanen dira Elizondoko plazan eta ondotik herri bazkaria izanen da Merkatuko zelaian. Bazkarirako txartelak uztailaren 16an, asteazkenean salduko dira goizeko 10etatik aitzinera, Baztandarren Biltzarreko egoitzan eta ez da erreserbarik eginen.
Bazkal ondotik ere izanen da zertaz gozatu. Bazkal ondoko jaialdian tonbolaren zozketa eginen da eta ez dira faltako mutildantzak, Baztango gaita, muxikoak eta larraindatza ere. 18:00etan hasita Trikidantz taldeak dantzaldia eskainiko du Laxoako plazan eta ondotik Laiotz taldeak hartuko dio lekukoa. Goizaldeko 1etatik hasita Tirri&Tery Djak ariko dira Laxoa plazako Baztandarren Biltzarraren ostatuan.
TXARTELAK
Bazkarirako txartelak uztailaren 16an, asteazken goizeko 10etatik aitzinera salduko dira Baztandarren Biltzarraren egoitzan. Ez da erreserbarik eginen.