Elizondoko dendek, Bertan Elkarteak 2014ko uztailaren 4ko uholdeek kaltetutako bazkideak eta ez-bazkideak deituta eta ezohiko bileran elkarturik, bere eskerrik handi eta beroena adierazi nahi izan die «borondatez eta eskuzabaltasunez lagundu diguzuen guzti-guztiei».
Elizondoko dendariek oharrak dioenez, «zuen laguntzak agerian utzi ditu zuen elkartasuna eta bihozberatasuna, eta ahalegin nekaezina. Bazirudien halabeharrez jasan ditugun kalteak ahalbait azkarren ezabatzea nahi zenutela. Miresgarria eta laudagarria izan da zuen ahalegina gure karrikek eta dendek lehengo itxura, betidanik ezagutu izan dugun Elizondorena, azkar batean hartzeko».
«Zuei esker, –darrai idatziak– bizi izan dugu, pairatutako hondamendiak berarekin zekarrela hitzez definitzen zaila den gizatasun eredugarria. Erakutsi duzue, ongi erakutsi ere, besteenganako elkartasuna eta laguntza zuen bihotzetan dituzuela, adin eta izaera guztietako pertsonen bihotzetan. Bertzalde, gure gazteen elkartasunak etorkizun bihozberago, elkartasunean oinarritutako eta konprometituago baterako itxaropena uzten digu».
Elizondoko dendariek diotenez, «zuen guztiengatik eta guztiendako lanean ari gara, ahalbait azkarren zuen zerbitzura egoteko. Batzuek gure dendak ireki ahal izan ditugu, nahiz eta, oraindik, gure bezeroek, zuek, merezi duzuen egoeran ez gauden. Bertze batzuek denbora gehiago behar izanen dugu, baina zuei hobekien eskaintzen dakigun hori, gure eguneroko zerbitzua hain zuzen ere, ahalik eta azkarren ematen saiatzen ari gara».