Uztailaren 4ko uholdeen ondorioz, bestaren inguruan zurrumurru aunitz zabaldu dira Baztandarren Biltzarra bestaren inguruan eta besta bertan behera geldituko zela ere aipatu izan da. Baina Baztandarren Biltzarra elkarteak hori ezeztatu eta besta bere horretan mantentzea erabaki du. Ohar bidez jakinarazi duenez, «balorazioa egin eta gero, denontzako hain berezia den egun honekin aitzinera jarraitzea erabaki dugu, inoiz baino gehiago merezi dugula uste baitugu». Hala, aurreikusi bezala, uztailaren 20an ospatuko da Elizondon.
Dena den, uholdeek utzitako kalteen ondorioz, prestatzeko ohi baino laguntza gehiago beharko dela adierazi dute elkartetik, bai besta aitzinetik, bai egunean berean eta bai ondoko egunetan ere. Ondoko egunetan elkarteak bere beharren berri emanen duela jakinarazi dute eta bide batez, herritar guztiei egin diete laguntzeko deia.
Bertzalde, desfilea udaletxe parean akitu beharrean, Arizkunenea Kultur etxean eginen dute: «inposaketa baten ondorioz eta inondik ere gurea sentitzen ez dugun bandera espainiarra egonen da udaletxeko baloian. Hau horrela izanik, gure desadostasuna erakusteko, bestaren oinarria den desfilea ikur horren aitzinean akitu beharrean, Arizkunenea Kultur Etxean egitea erabaki dugu».
Gainerakoan, oroitarazi dute herri bazkariko txartelen salmenta uztailaren 16an eginen dela, 10:00etatik goiti Baztandarren Biltzarraren egoitzan.
Elkartetik eskerrak ere eman nahi dizkiete egun hauetan laguntzen aritu diren guztiei: «bestan nahiz lanean, herri bat gara».