Pilotakin bueltaka izenburupean, ekainaren 11tik 17ra Kultur Astea egin zuen Baztan Ikastolak.Lehenik, gaiaren aurkezpena egin zuten eta pilota modalitate ezberdinak ezagutu Juanjo Atxarekin. Horretaz gain, erremontean eta esku pilotan ari diren profesionalekin ere solastu zuten ikasleek. Hain zuzen, Gorka Urtasun, Unai Apeztegia, Patxi Olazar, Aitor Zubieta, Jon Jaunarena eta Asier Olaizola aritu ziren ikasleekin solasean eta beraien galderei erantzuteaz gain, pilotak, kamixetak eta argazkiak ere sinatu zituzten. Ekainaren 12an, Pilota Jokoak ezagutu zituzten. Ekainaren 13an, 1., 2., 3. eta 4. mailako ikasleak Antxitonea trinketea eta Txarutako bulegoa bisitatu zuten eta Gorka Urtasunekin elkartu ziren. 5. eta 6. mailakoak Ander Ugarte pilotaegilearekin aritu ziren pilotak egiten. Ekainaren 16an eta 17an, dantza, antzerki eta musika emanaldi ezberdinak eskaini zituzten, mailaz maila banatuta.