Bestetako otorduetan bertako gaiak erabili nahi dute

TTIPI-TTAPA 2014ko ekainaren 26a

Hainbat herrietako besta batzordeek eta Baztandarren Biltzarrak bat egin dute ekimenarekin

Herriko bestetan ahalik eta otordu gehienetan bertako produktuak erabiltzeko herrita­rren ekimena aurkeztu zuten ekainaren 18an Arizkunenean. «Baztan Tokiko garapenaren ikuspegitik eraiki daitekeela uste dugu, herritarren konpromisoan eta bertako baliabideen erabilera arrazoizkoan tokiko ekonomia, gizarte harremanak, balioak indartu eta aldatu daitezkeela. Bide horretan, balio handia duen pausu ttikia da proposa­tzen duguna, herrietako bes­tetan antolatzen ditugun otorduetan: hameketakoak, bazkariak, afariak, merenduak, txokolatadak… Ahal dugun neurrian bertako produktuak erabiltzea: txokolatadetan bertako esnea, zikiro-jateetan bertako bildotsak, postreak…» jakinarazi zuten.
 
Herri bakoitzak ikusiko omen du zer otordu antolatzen dituen eta zer pausu ematen ahal dituen. Ondoko urtean konpromisoen taulak eta helburuak zehatzago ezarri eta beteko dituzte, hau hasiera ber­tzerik ez baita. Modu horretan, aurtengo bes­tetako otorduetako menuetan edo eskaintzetan ere bertako produktuak erabili ahal izateko aldaketak egon daitezke.
 
Ekimen hau ttikia da eta egiteko modukoa, Besta Batzordeetako kideen erranetan. «Balio handia du, konpromiso bat delako eta eragina duelako. Eragina du bertako produktuak baloratzeko, bertako produktoreak laguntzeko, herritarrei kontzientzia hartzen laguntzeko eta ohitura aldaketa ttikiak errazteko. «Pausu ttikia baina balio handikoa. Hasi gaitezen hortik he­rritarrak inplikatuz eta bertako baliabideak aktibatuz. Aurtengo  bes­tetan bertako produktuak» adierazi zuten aurkezopenean.
 
Amaiur,  Azpilkueta, Erratzu, Arizkun, Elizondo, Lekaroz, Gartzain, Irurita, Arraioz, Oronoz, Berro­e­ta eta Anizko bes­ta batzordeek bat egin dute gaurgero ekimenarekin eta Baztan­da­rren Biltzarrak ere bat egin du.
 
BAZTANDARREN BILTZARRERAKO ZERBITZARI BILA
Baztandarren Biltza­rra egunean zerbitzari lana egiteko deialdia egin dute: «Zer heldu zaizu burura Baztanda­rren Biltzarra egunez galditen datzutenean? Kolore aunitzetako pentsamenduak, seguraski... Hainbertze momentu, bizipen eta sen­tsazio sortarazten dituen besta horren gibelean, lan handia dago. Hori dela eta, auzolanean aitzinat eramaten den ospakizun hau gauza­tzeko, zure, gure eta denen beharra dugu. Urtero bezala, bazkarian zerbitzatzeko zerbitzarien beharra dugu, animatu! Izan zaitez besta honetan laguntzen eta gozatzen duen partaide!!! izan zaitez Baztan, izan zaitez Baztanda­rren Bil­tzarra».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun