Baztango Balleko Etxean diploma eman zitzaien ekainaren 19an Euskal Pirinioetan lan eta bizi programaren barrenean Udalbiltzak hautatutako 19 proiektuen ordezkariei. Udalbiltzak 6.000 euroko diru-laguntza emanen die ekimen enpresarial eta sozial haietako bakoitzari.
Ekitaldia Garbiñe Elizegi Baztango alkatearen agurrarekin hasi zen. Pirinioetako ibarren egoera zaila dela onartu ondoren, kezkatuta agertu zen Nafarroako Gobernuak ez duelako lurralde guztiaren garapen orekatuaren alde egiten. Hala ere, biktimismoan ez erortzeko apustua egin zuen: «konponbidea lan egitea da, alternatibak bilatzea, gure baliabideekin politika egitea eta herritarrei aukera berriak eskaintzea.Hori da Udalbiltza egiten ari dena Euskal Pirinioetan lan eta bizi programaren bidez, tokiko beste eragile batzuekin elkarlanean. Programa horri esker, hilabete bakar batzuetan energia positiboa sortu dugu eskualdean, eta dozenaka ekintzaileren proiektuak bultzada izatea lortu dugu», erran zuen.
Udalbiltzaren lehendakariordea eta udal zinegotzia den Maite Iturrek Pirinioetako bizilagunak animatu zituen eskualde honen alde lan egiten segi dezaten. Laguntza-deialdi honetan parte hartu duten pertsona, enpresa eta erakunde guztiei beren lana eskertu ondoren, hautatu diren 19 proiektuen sustatzaileak zoriondu zituen. «Espero dugu laguntza hauek baliagarriak izatea zuen ideiak eta zuen ametsak gauzatzeko eta Euskal Pirinioak garatzen laguntzeko», adierazi zuen.
Azkenik, Mertxe Aizpurua lehendakariak Euskal Herriko garapen desorekak gutxitzen laguntzeko Udalbiltzaren konpromisoa aipatu zuen, eta horretarako bertako erakundeekin, eragile sozialekin eta herritarrekin batera lan egin nahi dutela. «Auzolanen aldeko apustua egin dugu, lan kolektiboaren alde, gizarte-sarea sendotzearen eta herritarrak aktibatzearen alde, horrela, aurrera egiteko gure tresnak sortzeko».
ESKUALDEKO PROIEKTUAK
Baztango xurie
Arizkunen ardo ekologikoa egiteko proiektua. 1,5 hektarea dituzte landatuak. 4 Ha.ra ailegatu eta urtean 20.000 litro produzitzeko ardandegi bat sortu.
Belaun
Belaun kooperatibak (Aldudeko eta Baztango sei abeltzain) gaur egun duten dendaren salmenta zabaldu nahi dute. Eraikin handiagoa egin eta komunikazio-bideak sortu hiru hizkuntzetan.
Aritzakungo turismoa bultzateko proiektua
Aritzakun Baztango toki zokoratuenetako bat da, baina baita aberastasun naturalistiko handienekoa ere. Benta txiki bat sortu nahi dute eta, epe ertainean, mendiko aterpe bat.
Zaharrakberri: Arropari bigarren bizitza
Baztanen arropa erabilia aprobetxatzeko abian jarri nahi den proiektu bat da. Fase guztiak sartzen dira. Sustatzailea: Bidelagun elkartea.
Pirinioetako agerkari digital euskalduna
Pirinioetako eskualde guztian euskarazko agerkari digital bat sortzeko proiektua. Sustatzaileak: Tokikom eta zonaldeko 8 euskarazko komunikabideak.